Mundua -
Siriako gatazka
Errusiak eta Siriak bonbardaketei ekin diete berriro Idleben eta Haman
Hiru milioi pertsona inguru daude Idleben, eta muturreko taldeek, tartean Al-Qaidaren oinordekoek, bertan jarduten dute.
agentziak | erredakzioa
Errusiako eta Siriako hegazkinek eta helikopteroek Idleb eta Hama probintzien aurkako bonbardaketei ekin diete berriz, eta gutxienez neska adingabe bat eta hainbat extremista hil dituzte.
Erasoak Abdin eta Al Habit herrietan izan dira, Idleben; eta Al Latamnan eta Kafr Zitan, Haman; oposizioko muturreko taldeen esku dauden herrietan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez.
Atzo, Errusiako hegazkinek 90 eraso inguru egin zituzten Idleben, duela hilabetetik egin dituzten "gogorrenak", Behatokiaren arabera.
Eraso horietan gutxienez hiru adingabe eta emakume bat hil zituzten Abdin kanpoaldean; eta neskatila bat Al Halban hil zuten, Idleben.
Gaurko erasoekin bat egin du Damaskoko Gobernuak, izan ere, azken egunotan indartu egin da militarki Idleb inguruan, bertan dauden muturreko taldeak kanporatzeko asmoz.
Hiru milioi pertsona inguru daude Idleben, eta muturreko taldeek, tartean Al-Qaidaren oinordekoek, bertan jarduten dute.
Horregatik, Errusiak, Siriak eta Iranek operazio militarra egin nahi dute guztiak ezabatzeko, baina beste herrialde batzuek, errebeldeen laguna den Turkiak adibidez, nahiago dute su-etena ezarri.