Mundua -
HONDAMENDI NATURALAK
Dagoeneko 81 dira Mangkhut tifoiaren eraginez Filipinetan hildakoak
Poliziaren balantze ofizialaren arabera, 52 pertsona desagertuta daude eta 17.200 artatu dituzte harrera zentroetan.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Dagoeneko 81 dira Filipinetan Mangkhut tifoiaren eraginez hildakoak, Poliziak eta Nekazaritza Departamentuak emandako datuen arabera. Oraindik dozenaka lagun falta dira, eta, beraz, hildakoak gehiago izan daitezke.
Poliziak jakinarazi duenez, gehienak (60 inguru) Cordillera eskualdean hil dira, eta 52 lagun desagertuta daude. Zehatz-mehatz esanda, 40 pertsona Itogon udalerriko meatze batean harrapatuta geratu dira.
Benigno Durana Jr. Poliziaren bozeramailearen esanetan, 12.860 etxe suntsitu dira, eta 17.200 lagun baino gehiago artatu dituzte harrera zentroetan.
Bestalde, 74 errepide itxita eta 2.186 gune argindarrik gabe daude, PNA albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
Action Against Hunger gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, 893.000 pertsona kaltetu dira tifoiaren eraginez.