Mundua -
Irlanda
Gobernuak eta oposizioak hauteskundeak aurreratzea adostu dute
Exekutiboaren eta oposizioko alderdien arteko bileren ostean heldu da akordioa, Irlandak bizi duen krisi politiko larrian zentzu pixka bat jartzeko saiakera batean.
Erredakzioa
Irlandako Gobernuak eta oposizioak hauteskunde orokorrak otsailaren amaierara aurreratzeko egutegi bat adostu dute gaur, behin Parlamentuak Finantza Lege berria onartuta. Hasiera batean, hauteskundeak martxoaren 11n egitea aurrikusi zuten.
Exekutiboaren eta oposizioko alderdien arteko bileren ostean heldu da akordioa, Irlandak bizi duen krisi politiko larrian zentzu pixka bat jartzeko saiakera batean.
Brian Lenihan Finantza ministroaren arabera, Irlandako Behe Ganberak (Dail) araudi hori eztabaidatuko du asteartetik ostegunera. Lege horrekin 2011ko Aurrekontu Orokorrek aurrera egingo dute, herrialdearen historiako aurrekontu gogorrenak.
Datozen lau urteetan ekonomia nazionala berrregituratzeko prozesua aurrera eramateko neurrien multzoari babesa ematen dio lege berriak. Europar Batasunaren (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) finantza-erreskateak ezarritako baldintzak betetzeko legeak aurrera egin behar du.
Ostiralean eta larunbatean, Goi Ganberak (Seanad) legeari babesa eta prozesua bukatutzat ematea aurrikusita du. Ondorioz, hauteskundeak otsailaren 25ean egitea posible izango litzateke, oposizioak gustokoen duen data.
Egutegiaren arabera, Fine Gaelek (FG) eta alderdi laboristak, oposizioko alderdi nagusiek, datorren asteartera arte zentsura-moziorik ez aurkezteko konpromisoa hartu dute, Lenihanek azaldu duenez. Bi alderdi horiek faborito dira hauteskundeetan eta botere parteka dezakete.
Martxoaren 11
Koalizio Gobernuaren Alderdi Berdeak eta Fianna Fail gehiengo alderdiak ez zuten nahi datorren martxoaren 11an hauteskundeak egitea.
Brian Cowen lehen ministroak data hori aukeratu zuen, eta hauteskundeak aurreratu zituen joan den ostegunean Micheal Martin Atzerri ministroak bere kargua utzi ostean.