Mundua -
Filtrazioak
Al Jazeera telebistak WikiLeaks-en antzeko lana egin nahi du
Ikertzeko garrantzitsua izan daitekeen edozein informazio bidaltzeko proposatzen die bere ikus-entzuleei telebistak. Hau da, WikiLeaksen antzeko zerbait antolatu du.
Erredakzioa
Al Jazeera telebistak arabiar munduko zein mundu osoko ikus-entzuleei ikertzeko garrantzitsua izan daitekeen edozein informazio bidaltzeko proposatu die. Hau da, Al Jazeera Transparent Unit (AJTU) izeneko WikiLeaksen antzeko zerbait antolatu du telebista horrek.
Webgunean jakitera eman dutenez, AJTUk "ikus-entzuleak mobilizatu nahi ditu, edozein eduki aurkezteko (agiriak, argazkiak, audioak eta bideoak)". "Edukiak aztertu eta online igorriko dituzte ingelesez eta arabieraz".
Gainera, jasotzen duten agiri oro kontu handiz aztertuko dutela ziurtatu dute, benetako "ikerketa kazetaritza" errespetatzeko. Era berean, edukia bidali duten lagunen pribatutasuna babestuko dutela bermatzen dute, edukia profesionalki idatziz.
Dagoeneko ''Palestinako paperak'' lehen proeiktua argitaratu du Al Jazeerak webgune horretan. Israelgo Gobernuaren eta Palestinako agintarien artean hamarkada batean izandako negoziaketei buruz 2.000 bat dokumentu (posta elektronikoak, oharrak…) biltzen ditu proiektuak. The Guardian Britainia Handiko egunkariak agiri horien berri eman du gaur.