Mundua -
35 hildako
Medvedevek dimisioak eskatu dizkio Barne Ministerioari atentatuagatik
Errusiako presidenteak onartu du segurtasun akatsak egin zituztela Moskuko nazioarteko aireportu nagusian; horregatik, ardurak argitzea exijitu du.
Erredakzioa
Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak dimisioak exijitu dizkio Barne Ministerioari atzo Domodedovo Moskuko aireportuan 35 hildako utzi zituen atentatua dela eta.
"Dimisioak proposa ditzala edo garraio alorreko segurtasun arduradunekin bestelako neurri batzuk har ditzala agindu diot Barne ministroari", adierazi du Medvedevek Segurtasun Zerbitzu Federaleko (FSB, lehengo KGB) arduradunekin bildu denean.
Gainera, FSBri, terrorismoaren kontrako borrokaren talde nagusiari, "ardurak argi ditzala" eskatu dio.
"Atentatu kopuruak gora egin zuen 2010ean, FSBrentzat eta Estatuko segurtasun indar guztientzat abisu larria da hori".
Era berean, Medvedevek neurriak eskatu dizkio Vladimir Putin buru duen Gobernuari garraio alorreko segurtasunaz arduratzen direnen kasuan.
"Eskuartean ditugun datuek agerian uzten dute atentatua gertatu zen lekuan anarkia zela nagusi. Edonondik sartzen ziren, sartzeko kontrola partziala zen", adierazi du.