Mundua -
Gas leherketa
20 lagun hil eta sei zauritu dira Kolonbiako meatoki batean
Antza denez, La Preciosa meategian izandako leherketa metano gasaren pilaketa batek eragin du, lehen ikerketen arabera.
Erredakzioa
Gutxienez 20 meatzari hil dira gaur eta beste sei zauritu dira Sardinatako (Kolonbia) ikatz meatoki batean izandako gas leherketa baten ondorioz, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Marisa Fernandez Geologia eta Meatzaritza Institutuko (Ingeominas) funtzionarioak zehaztu duenez, 15 hildakoren gorpuak oraindik meategiaren barruan daude.
Beste lau biktimaren gorpuak azalean topatu dituzte. Bien bitartean, larri zauritu den beste meatzari bat hil egin da ospitalera bidean, Fernandezek azaldu duenez.
Sei zaurituak helikopteroz eraman dituzte Cucutako eta gertuko ospitaletara, Ingeominaseko funtzionariak adierazi duenez.
Gas metaketa
Dirudienez, La Preciosa meategian, San Roquen (Norte de Santanderreko zona menditsua), izandako leherketa metano gasaren pilaketa batek eragin du, lehen ikerketen arabera.
Duela lau urte meategi berdinak antzeko istripu bat izan zuen eta orduan 30 bat hildako izan ziren.
Azken urteetako tragediarik latzena iragan ekainean jazo zen Kolonbiako meatokietan, Amagako ikatz meategian, Antioquian (ipar-ekialdean). Leherketa batek 160 langile baino gehiago lurperatu zituen, horietatik 90 onik atera eta 73 hil ziren.