Mundua -

Amerikako Estatu Batuak

Brett Kavanaugh, AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko bidean

Trump presidenteak proposatutako hautagaiari sexu-abusuak egin izana leporatu diote. Dena dela, litekeena da Auzitegi Goreneko kide izateko babes nahikoa lortzea Senatuan gaur.

Brett Kavanaugh, AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Brett Kavanaugh, AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Brett Kavanaugh, AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko bidean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump presidente estatubatuarrak AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko proposatutako magistratuak azken bozketari aurre egin behar dio larunbat honetan, baina Brett Kavanaugh kontserbadoreari sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere, litekeena da Auzitegi Goreneko kide izateko babes nahikoa lortzea Senatuan gaur.

Senatari moderatuek Kavanaughen aurkako apelazioak aurkeztu dituzte aste honetan, baina atzo egindako bozketan Gorenerako bidean jarraitzeko babes nahikoa lortu zuen Trumpen hautagaiak. Besteak beste, Susan Collins senatari errepublikanoak alde bozkatu zuen, azken unera arte zalantzan egon bazen ere. Kavanaughek 51 boto izan zituen alde, eta 49 kontra.

40 minutuko hitzaldia borobiltzeko, Kavanaugh epaileari babesa emango ziola aurreratu zuen Collins senatariak. Etxe Zuriak tentsio handiz jarraitu zuen bozketa, azken unera arte ez zegoelako argi Trumpen hautagaiak behar besteko babesa lortzeko aukerarik izango ote zuen ala ez.

Gauzak horrela, baliteke gaurko bozketan AEBko Senatuan ordezkatuta dauden 100 senatarietatik 51k Kavanaughen alde bozkatzea. Errepublikanoek gehiengoa dute Senatuan (100 ordezkarietatik 51) eta kontserbadoreek 50 boto behar dituzte izendapena onartzeko. Dena dela, AEBko Auzitegi Goreneko kide izateko babes gutxien izan duen hautagaietako bat da. 1987an, Ronald Reagan AEBko presidente ohiak proposatutako hautagaiak ez zuen Goreneko magistratua izateko behar besteko babesa lortu.

Beste alde batetik, Amerikako Abokatuen Elkarteak (ABA, ingelesezko sigletan), Kavanaughek epaile gisa jarduteko beharrezko trebetasuna duen aztertuko duela iragarri du.

Bien bitartean, AEBko kaleetan milaka emakume Kavanaughen aurka manifestatu dira. Alabaina, atzo bertan sexu-abusuak jasan dituzten emakumeei babesa adierazteko egin zuten protestan, 302 manifestari atxilotu zituzten Washington hiriburuan.

Tentsioak alde batera utzita, Kavanaughek goi ganberaren onespena behar du gaurko bozketan, bederatzi magistratuk (bost eskuinekoak dira eta beste lau progresistak) osatzen duten Auzitegi Goreneko kide izateko.

Uztailaren 9an jakinarazi zuen Trumpek Brett Kavanaugh kontserbadorea Auzitegi Goreneko magistratu izateko aukeratu zuela, erretiroa hartu zuen Anthony Kennedy eskuindar moderatuak utzitako hutsunea betetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak