Mundua -
Iraultza demokratikoa
Protesta erraldoi batek boterea uzteko eskatu dio Mubaraki Egipton
Egiptoko herritarrak kalera atera dira diktadorea agintetik eroriarazteko. Mubarak herritarrei zuzenduko zaie gaur gauean.
Erredakzioa
Egiptoko gizartea kalera atera da gaur, Hosni Mubarak diktadorea eroriaraztea eta demokrazia aldarrikatzea helburu duen manifestazio historikoan parte hartzeko.
Hedabide arabiarren arabera, "ehunka mila" pertsona bildu dira Tahrir plazan (Kairoko erdigunea).
Mubarakek boterea utzi arte ez du oposizioak negoziatuko. Gainera, lagun talde batek (batzorde batek) jarraitu beharreko pausoak Armadarekin eztabaidatzea nahi du oposizioak.
Simonen esanetan, "Egiptoko historian sekula ez da izan gaurkoa bezalako manifestaldirik". "Etxeratze-agindua, agindu sinbolikoa da jadanik", gaineratu du.
Mubarak agintetik botatzea lortuko balute, Ekialde Hurbileko historia modernoan iraultza demokratiko batek eroriarazitako bigarren buruzagi arabiarra izango litzateke.
Al Arabiya telebista kateak iragarri duenez, Mubarak presidentea herritarrei zuzenduko zaie gaur gauean. Iturri berdinaren arabera, Omar Suleiman presidenteordeak gainerako alderdi politikoekin bilerak egin ditu dagoeneko.
El Baradeiren eskakizuna
Boterea ostirala baino lehen uzteko eskatu dio Hosni Mubarak Egiptoko presidenteari Mohamed el Baradei oposizioko kideak, Al Arabiya telebistan egindako adierazpenetan.
Gainera, Mubarak joan baino lehen elkarrizketarik hastea arbuiatu du El Baradeik. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohiaren ahotan, "elkarrizketa hasi baino lehen Mubarakek alde egin behar du". "Odola isurtzea saihesteko" Mubarak alde egitea beharrezkoa da, erantsi du.
Armada
Armadak iragarri du ez duela indarkeria erabiliko manfestarien aurka, haien aldarrikapenak "zilegiak" direla uste duelako, eta beraz, herritarrak beldurra galtzen eta kalera irten dira.
Soldaduek plaza inguratu dute, baina eremua kontrolatu dute, hots, inoren aurka egin barik eta martxa baimenduz.
Manifestazio historikoa ''Apirilak 6'' oposizioko mugimenduak deitu du, milioi bat pertsona biltzea helburu.
''Apirilak 6'' mugimendua Facebook bidez sortu zen, eta 2008an prezioen igoeraren aurka egin zituzten mobilizazioen omenez hartu du izena. Egun, oposizioko alderdi nagusiak biltzen ditu.
Asteartetik, gutxienez 102 pertsona hil dira eta 1.000tik gora zauritu, Poliziaren jazarpenaren ondorioz.
Bien bitartean, Mubarak gero eta bakartuago dago. Herritarrak eta nazioartea presio egiten ari dira, eta agintea utzi beharko duela segurutzat jotzen dute Egipton.