Mundua -
VENEZUELA
Maduroren aurkako atentatuan parte hartzea egotzita atxilotutako zinegotzi bat hil da
Fiskaltzaren esanetan, Fernando Alban oposizioko zinegotziak bere burua bota du hamargarren pisu batetik. Haren alderdiak, berriz, suizidioaren bertsioa ukatu du eta hilketa izan dela salatu du.
AGENTZIAK
Venezuelan, Fernando Alban oposizioko zinegotzia hil zen atzo, Poliziaren eraikin baten hamargarren pisutik erorita. Ostiralaz geroztik atxilotuta zegoen, Nicolas Maduro presidentearen aurkako atentatuan parte hartzea egotzita.
Fiskaltzaren arabera, Fernando Alban zinegotziak bere burua bota zuen hamargarren pisutik behera, eta bertan hil zen. Horren arabera, epaitegietara eramatekoa zutenean gertatu zen. "Gertaeren lehen bertsioaren arabera, komunera joateko baimena eskatu zuen, eta 10. pisutik behera bota zuen bere burua", azaldu du Tarek William Saab Venezuelako fiskal nagusiak VTV telebista-kateari egindako adierazpenetan. Horren esanetan, bi fiskal izendatu dituzte gertaturikoa argitzeko.
Hildako zinegotziaren alderdiak, ostera, ukatu egin du suizidioaren bertsioa, eta hilketa izan dela salatu du. Alderdiak ohar bidez azpimarratu duenez, Alban "gizon sendoa zen, eta kristau balio sakonak zituen". Halaber, erantzukizunak argitzeko eta errudunak zigortzeko, Nicolas Maduro barne, Venezuelako eta nazioarteko erakunde guztietara joko duela nabarmendu du.
Omar Barboza Venezuelako Parlamentuko presidenteak, bere aldetik, Fernando Albanen heriotza argitzeko ikerketa independentea aginduko dutela iragarri du.