Mundua -

Iraultza demokratikoa Egipton

Trantsizioa berehala hasteko eskatu dio Obamak Mubaraki

AEBetako presidenteak Egiptoko diktadorearekin hitz egin du bart, eta trantsizioa "baketsua eta ordenatua" izan behar dela adierazi dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak berehala trantsizio prozesu baketsu eta ordenatua hasteko eskatu dio Hosni Mubarak Egiptoko diktadoreari.

Agintari estatubatuarrak telefonoz hitz egin du bart Mubarakekin, ordu erdiz, eta egungo egoera "sostengaezina" dela eta aldaketa beharrezkoa dela aitortu diola esan du.

Etxe Zuritik telebistaz egindako adierazpen labur batzuetan, Obamak adierazi du "argi" dagoela trantsizioa "oraintxe bertan" hasi behar dela.

Prozesuan oposizioko alderdiak kontuan hartu behar dituztela eta bidearen amaieran hauteskunde "askeak eta bidezkoak" egin behar direla gaineratu du.

Nolanahi ere, Obamak iragarri du AEBek Egiptori laguntzen jarraituko dutela, herrialde hori "aliatua eta laguna" baita.

"Prest gaude Egiptoko herritarrei behar beste laguntza emateko eta protesten ondorioak aztertzeko", nabarmendu du.

Bere hitzetan, gainerako herrialdeek ez dute erabaki behar nortzuk izango diren Egiptoko buruzagiak. "Egiptoko herritarrek baino ezin dute hori erabaki", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea