Mundua -
Iruzkina
Mubarak joan egingo da, baina ez oraingoz
Egiptoko diktadoreak iragarri duena AEBek nahi dutena da. Izan ere, Washingtonen kontrolik gabeko iraultza baten beldur da.
Jesus Torquemada
Hosni Mubarakek iraila aurretik boterea utziko duela iragarri du, baina iragarpenak ez du berehala agintea uzteko eskatzen dioten herritarren nahia asetzen.
Irailean izango dira hauteskundeak eta Mubarakek bere burua aurkeztuko ez duela esan du. Hauteskundeak aurreratuko dituela ere iragarri du, baina argi utzi du ordurarte agintean jarraituko duela.
Oposizioak Mubarakek gobernutik berehala alde egiteko eta trantsizio gobernu bat osa dadin eskatzen du, Konstituzioa aldatzeko eta hauteskundeak antolatzeko.
Mubarackek iragarri berri duena, nolabait, AEBek eskatu diotena izan da. Egipton kontrolik gabeko iraultza baten beldur da Washington. Denbora behar du herriak onartuko duen politikari egiptoar eta amerikarren aldeko bat aurkitzeko.
Estatu Batuek denbora behar dutela ohartuta, Mubarakek aginteari eutsiko dio. Armada egiptoarrarem laguntza du, gainera. Soldaduek manifestarien kontrako erasorik egingo ez dutela esan dute, baina ez dira Mubarak agintetik botatzeko prest agertu.
Ben Ali tunisiarrak duela bi aste egindakoa errepikatu du oraingoan Mubarak presidenteak: agintetik joateko prest dagoela iragarri du baina berak erabakitzen duenean. Tunisiarrei ez zitzaien balio izan eta bi egunera herrialdetik alde egin behar izan zuen.