Mundua -
"Yasi"
Zikloiak gogor astindu du Australiako kosta baina ez da biktimarik
Ekaitzak indarra galdu du azken orduetan eta biztanle gutxiago dituen eremu baterako noranzkoa hartu du.
Erredakzioa
"Yasi" gauean sartu da Australia ipar ekialdean, Queensland estatuan. Mission Beach herrian indartsu pasa da, 320 kilometro orduko haize ufadak eragin ditu eta bederatzi metroko uhinak sortu ditu Townsville herriko hondartzetan. Baina, zorionez, ez da biktimarik izan.
Argindarrik gabe
Neil Roberts Queensland estatuko larrialdi zerbitzuen zuzendariak esan du 60 etxebizitza erabat kaltetu dituela ekaitzak, beste 100 eraikinetan kalte handiak eragun dituela, eta 50 bat etxetan arinak. Kalte horiek, zikloiak izan duen indarra erakusten dutela adierazi du.
177 mila pertsona argindarrik gabe daude eta horietatik asko edateko urik gabe.
Queensland estatuko ordezkariak, Anna Blight ek adierazi du zenbait tokitan sekulako kalteak eragin dituela eta gune batzuetan egoera arriskutsua dela oraindik.
Zikloiak indarra galdu du
"Yasi" zikloiak indarra galdu du azken orduetan, 29 kilometro orduko abiadura hartu du eta Australia barnealderako noranzkoa hartu du, vístanle gutxiago dituen eremu baterantz doa.
Meteorologoek, ordea, ekaitzak oraindik eurite eta haizete bortitzak eragingo dituela ohartarazi dute.
400 mila pertsona "Yasi" zikloiari aurre egiteko prest zeuden jada bezperan. Australiak inoiz izan duen zikloirik beldurgarriena izango zela uste zuten, baina oraingoz zorionez ez du iragarritakoa bete.
Queensland estatua orain gutxi uholde bortitzek astindu zuten eta pasarte hari aurre egin escinda dago oraindik ingurua. 35 pertsona hil ziren eta sekulako kalteak eragin sitúen.
Lurraldeak izan duen hondamendirik okerrena 1974koa da. "Tracy" izeneko zikloiaren eraginez 71 pertsona hil ziren.