Mundua -

Florida

Gizon bat atxilotu dute AEBn 12 pakete susmagarriekin zerikusia duelakoan

Susmagarria Plantationen atxilotu dute, Opa-Lockatik gertu (Miami-Dade), eta identifikatu egin dute: Cesar Sayoc Jr da, 56 urtekoa, eta Trumpen jarraitzailea sutsua.

FBI Auto Zone denda batean, Plantationen (Florida). Argazkia: EFE
FBI Auto Zone denda batean, Plantationen (Florida). Argazkia: EFE
FBI Auto Zone denda batean, Plantationen (Florida). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FBIk gizon bat atxilotu du gaur, Floridan (AEB), politikari demokratei eta Donald Trump presidentearekin kritikoak diren pertsonei azken egunetan bidalitako 12 pakete susmagarriekin zerikusia duelakoan.

Susmagarria Plantationen atxilotu dute, Opa-Lockatik gertu (Miami-Dade). Orain arte atzemandako lehergailuak bertatik bidali zituzten, Floridako komunikabideek jakitera eman dutenez.

Ameriketako Estatu Batuetako agintariek susmagarria identifikatu dute. 56 urteko Cesar Sayoc Jr da, NBCk jakinarazi duenez. Gainera, FBIk furgoneta zuri bat atzeman du. Ibilgailu barruan Donald Trump presidentearen argazki ugari aurkitu dituzte, baita Hillary Clinton Estatu idazkari ohiaren eta Michael Moore zinemagilearen aurkako mehatxuak ere.

Cory Booker senatari demokratari eta James Clapper Inteligentzia zuzendari nazional ohiari Opa-Lockako postetxetik bidalitako beste bi pakete atzeman dituzte gaur, baina oraindik lehergailuak direnik ez dute baieztatu.

Ostiral honetan, Floridan eta New Yorken atzemandako azken bi paketeekin, astelehenetik dagoeneko 12 dira bidalitakoak. Besteak beste, Barack Obama (2009-2017)  presidente ohiari eta Hillary Clinton presidentegai ohiari bidali dizkiete, baita CNN telebistari ere.

 

De Niro: "Lehergailuak baino boteretsuagoa den zerbait badago, zure botoa, jendeak botoa eman BEHAR du!"

 

Orain arte lehergailurik ez du eztanda egin, baina segurtasun indarrek alerta areagotu dute.

Bonba-paketeen jarioa iragan astelehenean hasi zen. George Soros aberats eta filantropoak bat jaso zuen bere etxebizitzan, New Yorken. Sorosek Alderdi Demokrata laguntzen du.

Hala ere, alarmak asteazkenean piztu ziren, pakete susmagarriak Alderdi Demokratako buruzagiei bidali zizkietenean; izan ere, horietako bat Obamaren etxera heldu zen, Washingtonen, eta beste bat Clintonen bulegora, New Yorken.

Era berean, Eric Holder fiskalburu ohiak, Maxine Waters kongresistak, John Brenan CIAko zuzendari ohiak eta Joe Biden presidenteorde ohiak bonba-paketeak jaso zituzten.

Guztiak Alderdi Demokratako kideak edo Trumpen aurkako pertsonak izateak atzean motibazio politiko bat egon daitekeela aditzera ematen du.

Robert de Niro aktoreak pakete susmagarri bat jaso du. Azaroaren 6ko hauteskundeei begira, “lehergailuak baino boteretsuagoa den zerbait badago, zure botoa, jendeak botoa eman BEHAR du!”, aldarrikatu du gaur aktoreak.

Hauteskunde legegileak (azaroak 6) egiteko bi aste eskas falta dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hillary Clinton