Mundua -
AEB
Gutxienez hamaika lagun hil dira Pittsburgheko sinagoga batean izandako tiroketan
Tiroketaren erantzulea ere zauritu da. Mota horretako tiroketei aurre hartzeko, heriotza-zigorraren alde egin du Donald Trump AEBko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez hamaika lagun hil eta sei zauritu dira Pittsburgheko sinagoga batean izandako tiroketan (Pensilvania estatuan, AEBko iparraldean). Jazoera Bizitzaren Zuhaitza sinagogan jazo da, eta tiroketaren erantzuleak bere burua entregatu du, CBS telebista-kateari iturri polizialek jakinarazi diotenez.
Poliziak argitu duenez, ustezko erasotzailea Shady eta Wilkins etorbideen artean kokatutaKO sinagogan sartu da, 09:45ak aldera tokiko orduan (15:45ak aldera Espainiar Estatuan), eta bertan bildutakoak tirokatu ditu. Hasieran, sinagogan gotortu da, baina azkenean bere burua entregatu du. Gutxienez lau polizia zauritu dira, baita ustezko erasotzailea ere.
Informazioen arabera, ustezko erasotzaileak Polizia eta larrialdietarako zerbitzuak tirokatu ditu, horiek bertaratzean. Ondorioz, hildakoetako bat polizia bat da.
"Hamaika hildako izan dira tiroketa honen ondorioz, eta bat ere ez da adingabekoa. Gainera, sei zauritu izan dira, lau polizia agente tartean. Talde horretan ez dago ustezko hiltzailea", esan du Wendell Hissrichek, Pitssburgeko Segurtasun Zerbitzuetako zuzendariak.
Rob Bowers, 46 urteko gizona, da ustezko hiltzailea. Atxilotu ostean, ospitalera eraman du poliziak.
Donald Trump AEBko presidenteak gertaeraren berri izan duenean, mezua zabaldu du Twitter bidez: "Zonaldean bizi direnak etxean giltzapetu behar dira. Biktima ugari omen daude. Kontuz ibili tiratzailearekin. Jainkoa bedeinka gaitzala!".
Bestalde, kazetari batzuei geroago egindako adierazpenetan, heriotza-zigorraren alde egin du Trumpek, mota horretako triskantzak saihesteko asmoz. "Heriotza-zigorrarekin lotutako legeak indartu beharko genituzke (…) hainbeste jazoera, elizetan… azken zigorra ezarri beharko genieke (erasotzaileei)", adierazi du.