Mundua -
brasil
Bolsonarok Da Silva zigortu zuen epaileari eskainiko dio Justizia ministro izatea
Sergio Moro epaile federala Presidentetzarako hautagai gisa ere aipatu zuten, baina berak beti ukatu izan du politikan sartzeko asmoa duela.
Agentziak | erredakzioa
Jair Bolsonaro Brasilgo presidente hautetsiak iragarri duenez, Sergio Moro 'Petrobas auzi'ko epailea Justizia Ministerioko buru izatea nahi du, eta eskaintza egingo dio aurki. Brasilen izandako ustelkeria kasu handiena izan zen 'Petrobas auzia', ustelkeria eta dirua zuritzea egotzita, Morok hainbat politikari ezagun zigortu zituen, tartean Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohia.
Igandeko hauteskundeen ostean telebista kate bati eskainitako bere lehen elkarrizketan, Bolsonarok esan du Moro "ustelkeriaren kontrako borrokaren sinboloa da, eta saria merezi du".
"Justizia Ministerioaren ardura hartzea proposatuko diot, edo etorkizunean, plaza huts bat dagoenean, Auzitegi Goreneko epaile izatea. Haren ustez, Brasilentzat onena dena egin dezala. Gizon eredugarria da, eta bi postuetan ederto arituko da", nabarmendu du.
Brasildar askorentzat ustelkeriaren kontrako borrokaren sinboloa da Moro. Haren izena Presidentetzarako hautagaien artean aipatu zuten hainbat inkestek, baina politikan sartzeko asmorik ez zuela esan zuen Morok hainbat aldiz.