Mundua -
Alerta euriteengatik
Hamabi lagun hil dira Sizilian, Italia osoa astindu duen denboralearen ondorioz
Kaltetutako zonaldeei laguntzeko Gobernuak 250 milioi euro bideratuko dituela iragarri du Matteo Salvini Italiako Barne ministroak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamabi pertsona hil dira igande honetan Sizilian, aste honetan Italia osoa astindu duen denboralearen ondorioz. Guztira, 29 lagun hil dira dagoeneko, eta herrialdeko zenbait eskualdetan kalte material handiak eragin ditu.
Gaurko 12 hildakoetatik bederatzi Casteldaccia udalerrian hil dira, beste bat Vicarin (Palermoko probintzian), eta beste bi Cammaratan (Agrigentoko probintzian).
Euriteek Sizilia uhartea bereziki astindu dute azken orduetan. Izan ere, Casteldacciako udalerrian bi familietako bederatzi kide hil dira, Milicia ibaiak gainezka eginda eta haien etxebizitza ur azpian utzita, udalerri horretako alkateak azaldu duenez.
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa Sizilian izan da igande honetan, eta prentsaurrekoan iragarri duenez, datorren astean erabakiko dute kalteak jasan dituzten eskualdeetan "larrialdi egoera ezarri ala ez".
Siziliaz aparte, Italiako beste hainbat eskualde ere kaltetu dira denboralearen ondorioz. Italiako Babes Zibileko Sailak jakinarazi duenez, euriteengatik alerta laranja ezarri dute Veneton, Friuli Venezia Giulian eta Emilia-Romagna (iparraldean), eta Calabrian, Sizilian eta Sardinian (hegoaldean).
Matteo Salvini Italiako Barne ministroa Venetoko eskualdean egon da igande honetan, bisitan, eta iragarri duenez, Italiako Gobernuak "250 milioi euro" bideratuko ditu "berehala" kaltetutako zonaldeei laguntzeko.