Mundua -
Iruzkina
Egiptoko Armadak arre edo so egin behar du
Mubaraken azken hitzaldian ez dago inongo nobedaderik aurrekoarekiko. Agian, tonuan suma daiteke aldaketa, lehen baino mehatxu kutsu handiagoan.
Jesus Torquemada
Egipton giroa gori-gori dago eta egoera oso nahasgarria da. Mubarakek lasai aski saihestu zezakeen atzoko hitzaldia. Izan ere, esan zuena hilaren lehenean adierazitako bera izan zen kasik.
Hau da, iraileko hauteskundeetara ez dela aurkeztuko, hauteskunde horiek irabazten dituenaren esku utziko duela boterea eta orduan alde egingo duela, ez lehenago. Bere ibilbidearekin oso harro dagoela ere esan zuen, boterea Suleiman presidenteordearekin partekatuko duela eta Suleimanen eginbeharra Konstituzioaren zenbait artikulu erreformatzea dela; hauteskundeen nondik norakoak zehazten dituztenak hain zuzen ere.
Ez dago inongo nobedaderik: gehienera ere, tonuan, lehen baino mehatxu kutsu handiagoa sumatzen zaiola.
Ondoren, Suleiman atera zen telebistan, hau ere, mehatxu eginez: manifestariei etxeratzeko garaia badela esanez eta ez diezaietela jaramonik egin atzerriko komunikabideei, iruzur egiten ari zaizkielako.
Egoera are gehiago nahasteko, militar-buruen bilera arraro hori eta beren "aurreneko agiria". Bertan diote guztia gertutik ari direla jarraitzen eta zaindu egingo dituztela bai aberria, baita egiptoarren ondasunak ere. Batzorde militar kolpistak gogora dakartzan irudia.
Ondorio saihestezina zera da, Mubarak eta ingurukoak prestatzen ari direla herritarren protestak indarrez geldiarazteko.