Mundua -
Manifestazioa Italian
Emakumeen protestaldia 'lotsagarria' izan da, Berlusconiren ustez
Emakumeekin beti "adeitasun handiz eta errespetu osoz" jokatu duela adierazi du Italiako lehen ministroak. Haren ustez, atzo Italian izandako manifestazioa "probokatzailea" izan zen.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren hitzetan, atzo emakume italiarrek deitutako manifestazioa "probokatzailea eta lotsagarria" izan zen, Corriere della Sera egunkariak argitaratu duenez.
Berlusconiren aburuz, "inoiz garaipena lortzen ez duten ezkerreko alderdiek antolatutako" manifestazioak jendea "matxinatzea" zuen helburu. Protestak milioi bat lagun bildu zituen, gehienbat emakumeak.
Emakumeekin beti "adeitasun handiz eta errespetu osoz" jokatu duela azpimarratu du Italiako agintariak. "Emakumeak onenak izan dira beti eskolan; azkarrenak eta arduratsuenak", azaldu du.
Milango Fiskaltza ere hartu du Berlusconik hizpide. "Nire gonbidatuen duintasuna suntsitu du eta publikoaren aurrean barregarri utzi ditu", adierazi du.
Hauteskundeak aurreratzeko aukerari buruz, Parlamentua desegiteko "arrazoirik ez" dagoela uste du lehen ministroak.