Mundua -
SUTEAK
Dagoeneko 51 dira gutxienez Kaliforniako suteetan hildakoak
Bien bitartean, larrialdi zerbitzuek falta direnen bila jarraitzen dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 51 pertsona hil dira Kalifornian, suteen ondorioz. Bien bitartean, larrialdi zerbitzuek falta direnen bila jarraitzen dute.
"Camp Fire" izenez bataiatutako sutea Kaliforniaren historiako hilgarriena eta suntsitzaileena da. Dagoeneko 8.917 eraikin suntsitu ditu, gehienak 26.000 biztanleko Paradise udalerrian. Suaren kontra 5.000 suhiltzaile inguru lanean ari badira ere, sutearen % 35 kontrolatzea lortu dute soilik. Suak 52.600 hektarea kiskali ditu dagoeneko.
Sutea zerk eragin duen ikertzen ari dira. Ikertzaileak hipotesi guztiak aztertzen ari dira, baina litekeena da ekipamendu elektriko batean sortutako txinparta batek eragin izana.
Beste sute bat bazterrak kiskaltzen ari da, kasu honetan, Kalifornia hegoaldean, Los Angeles hiritik gertu. Woolsey sutearen ondorioz, bi pertsona hil dira. Horrez gain, suak 435 eraikin suntsitu eta 38.800 hektarea kiskal ditu. Larrialdi zerbitzuak erretako eremuaren zati txiki batean (% 15) soilik sartu dira eta, beraz, litekeena da datozen orduetan suntsitutako eraikinen kopuruak gora egitea; bereziki, Malibu. Suhiltzaileek garren % 35 kontrolpean hartzea lortu dute.