Mundua -

BASO-SUTEAK

Kaliforniako sute handia azaro amaierarako kontrolpean izatea espero dute

Agintariek eskainitako azken balantzearen arabera, 79 pertsona hil dira eta 699 pertsona desagertu dira.

Suhiltzaileek 'Camp Fire' izenez bataiatutako sutearen kontrako borrokan jarraitzen dute. EFE
Suhiltzaileek 'Camp Fire' izenez bataiatutako sutearen kontrako borrokan jarraitzen dute
Suhiltzaileek 'Camp Fire' izenez bataiatutako sutearen kontrako borrokan jarraitzen dute. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kalifornian, hamabi egun geroago, "Camp Fire" izenez bataiatutako sutea kontrolik gabe jarraitzen du. Dena den, suhiltzaileek lanean jarraitzen dute eta hilabete amaierarako foku guztiak kontrolpean izatea espero dute. Agintariek eskainitako azken balantzearen arabera, gutxienez 79 pertsona hil dira.

Calfire suari aurre egiteko departamenduak aurreratu duenez, sua azaroaren 30erako erabat kontrolatuta izatea espero du. Sua hilaren 8an piztu zen eta, beraz, aurreikuspenak beteko balira eta 30erako sua itzalita balego, hiru aste pasatxo lirateke garrak piztu zirenetik.

79 hildakoez gain, ez dute 699 pertsonaren berririk. Kalte materialei dagokienez 15.000 eraikin suntsitu eta 61.100 hektarea baso kiskali dira. Gaur gaurkoz, sutearen % 70 kontrolpean dute suhiltzaileek.

AEBko Meteorologia Zerbitzuaren eguraldi iragarpenak dioenez, asteazkenean euria egingo du sutea gogor astintzen ari den Butteko konderrian. Inguru horretako lurra oso lehor dago eta hilabeteak dira euria egin ez duela. Meteorologoak "ia ziur" daude prezipitazioak izango direla. Euria sua itzaltzeko onuragarria izango bada ere, kiskalitako gunea lokatzez betetzeko beldur dira agintariak, gorpuak berreskuratzea zailagoa izango litzatekeelakoan.

Sua zerk piztu zuen ikertzen ari dira oraindik. Dena den, begirada guztiak Pacific Gas & Electric (PG&E) enpresaren gainean daude. Aipaturiko konpainia elektrikoak onartu duenez, bi akats antzeman zituen inguruko goi tentsioko linea batean sutea piztu zen egun berean. Eragilea hori dela egiaztatuko balitz, konpainian kalte-ordain ikaragarriak ordaindu beharko lituzke eta, segur aski, hondoa joko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Suteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hondamendi naturalek kaltetutakoak