Mundua -
Venezuela
Gazte venezuelarrak herria 'armekin' babestera adoretu ditu Madurok
Venezuelako presidentearen hitzetan, ez du amore emango "ezta milimetro bat ere, inperio iparramerikarraren erasoen aurrean".
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak unibertsitateko ikasle venezuelarrak adoretu ditu, beharrezkoa bada, "armak eskuan dituztela" herria babestera, "inperio iparramerikarraren" erasoen aurrean. Venezuelak barne krisi politikoa eta ekonomikoa bizi du.
Gazte' chavisten' aurrean asteazkenean egindako agerraldian, Madurok berriro esan du ez duela amore emango, "ezta milimetro bat ere, inperio iparramerikarraren erasoen aurrean". Halaber, "edozein egoeratan ere Iraultza Bolivartarra defendatzeko" eskatu die gazteei.
"Unibertsitateko miliziak prestatuko ditugu, ikasketak eta fusilak izango dituzte unibertsitateetako ikasleek aberria babesteko inperialismoaren eta oligarkiaren aurrean", VTV telebista kate publikoak jaso duenez.
Maiatzaren 20ko hauteskunde polemikoen ostean, Madurok presidente kargua hartuko du, bigarrenez, urtarrilaren 10ean.
Venezuelako oposizioak, berriz, inbestidura ekitaldia boikotatzeko eskatu dio nazioarteari. Zenbait gobernuk ekitaldian ez direla egongo jakinarazi dute jada; esaterako, Kolonbiako Ivan Duque presidentea ez dela egongo eta urtarrilaren 10ean bertan Venezuelarekin harremanak hautsiko dituela iragarri du.