Mundua -
Atentatua
30 pertsona hil eta 40tik gora zauritu dira Pakistanen izandako atentatu batean
Motor batean kokatutako bonba batek egin du eztanda. Hildakoen artean gutxienez hiru ume daude. Horrez gain, zazpi pertsona hil dira Karatxin granadaz egindako atentatu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 30 pertsona hil eta 40tik gora zauritu dira gaur Kalaya herrian (Orakzai barrutia, Pakistan ipar-ekialdea) bonba batekin egindako atentatuan, Geo telebista kateak Pakistango segurtasun indarren datuak aipatuta jakinarazi duenez.
Leherketa gune erlijioso baten sarreran jazo da, azoka batetik gertu. Lehen datuen arabera, bonba motor batean zegoen, eta urrutiko kontrol bidez aktibatu dute. Iturrion arabera, hildakoen artean gutxienez hiru ume daude.
"Azokan berokiak erosten ari ziren pertsona ugari zeuden, bete-betean harrapatu ditu bonbak", adierazi du Pakistango segurtasun indarren bozeramaileak.
Aurretik ere izan da atentaturik inguru horretan. 2011n, 30 pertsona hil eta 50 zauritu ziren lehergailuz betetako furgoneta bat zartarazita.
Shireen Mazaro Pakistango Giza Eskubideen ministroak atentatua gaitzetsi, eta biktima kopuruak gora egin dezakeela ohartarazi du.
Bestalde, Pakistan hegoaldean, Karatxin, zazpi pertsona hil dira Txinak bertan duen kontsulatuaren kontrako eraso batean. Hildakoen artean bi polizia eta bi zibil daude.
Karatxin 09:30 zirenean, hiru erasotzaile granadak jaurtiz sartu dira kontsulatuan. Segurtasun indarrek aurre egin diote erasoari.