Mundua -
Iraultza Libian
Gadafiren semeak ohartarazi du 'gerra zibil arriskua' dagoela
- Bere esanetan, Libiako Armada ez da "Egiptokoa edo Tunisiakoa bezala", eta "suntsitu" egingo ditu herrialdearen aurka konplot egiten dutenak.
- 233 dira jada jazarpenak hildakoak.
Erredakzioa
Muamar el Gadafi Libiako diktadorearen semeak, Seif el Islamek, adierazi du herrialdearen egoera "oso larria" dela eta "gerra zibil arriskua" dagoela. Bere esanetan, ez dute "kaosa" onartuko, eta Armada aitari eta erregimenari "leiala" da.
Halaber, "Konstituzio berria" sortzeko eztabaida nazionala iragarri du, "betiere guztiok ados jartzen bagara".
Seif el Islamek agerraldia egin du bart Libiako telebista publikoan, Tunisiako eta Egiptoko iraultza demokratikoa herrialdera heldu dela eta. Aipatu iraultzen arrakastek bultzatuta, Libiako herritarrak kalera atera dira erreforma demokratikoak eskatzeko, baina agintariak gogor zapaltzen eta jazartzen ari dira protestak.
Hori horrela, Gadafiren semeak ohartarazi du bi aukera daudela: "Libiar guztiak ados jartzen gara eta zentzuz jokatzen dugu, edo indarkeria zikloa hasiko da, Irakekoa edo Jugoslaviakoa baino gordinagoa".
Seif el Islamek nabarmendu du Armadak segurtasuna ezarriko duela, "nola edo hala", eta Libiako militarrak ez direla "Tunisiakoak edo Egiptokoak bezala".
Horren ildotik, "azken minutua arte" Armadak "Libiari eta Gadafiri leial izaten" jarraituko duela eta konplot egiten dutenak "suntsitu" egingo dituela mehatxu egin du.