Mundua -
Iraultzak arabiar munduan
Maroko, Aljeria, Yemen, Bahrain eta Egiptoko iraultzen egoera
Marokon bost pertsona hil dira, banku batean izandako sute baten ondorioz. Zenbait arabiar herrialdeetako manifestariek kalean jarraitzen dute.
Erredakzioa
Zenbait arabiar herrialdeak Tunisiako eta Egiptoko iraultza demokratikoen arrakastaz kutsatu dira.
Libiako protestaldiak areagotu dira azken egunetan. Demokraziaren aldeko mugimenduak aurrera darrai Marokon, Aljerian, Yemenen eta Barhainen ere.
Maroko
Bost lagun hil dira bart Alhucemak herrialdean (Marokoko iparraldean), manifestariek eraso egin zuten banku batek sua hartu ostean, Taib Cherkaui Barne ministroak jakitera eman duenez.
Cherkauik prentsaurreko batean zabaldu duenez, 128 zauritu zenbatu dituzte hiriko hainbat istiluetan. Gainera, erantzukizunak zuritzeko 120 lagun atxilotu dituzte.
Aljeria
Istiluen kontrako polizia aljeriarrek indarra erabili dute gaur Aljeriako Goi Mailako Irakaskuntza Ministerioaren aurrean bildutako manifestarien aurka, "El Watan" egunkariaren webguneak jakinarazi duenez.
Herrialdeko probintzia desberdinetatik etorritako ehunka ikasleak Ministerioaren egoitzaren aurrean bildu dira. Goi mailako ikasketen tituluen berrantolakuntza egiteko presidenteak ezarritako dekretua bertan behera uztea eskatu dute manifestariek.
Poliziak erabilitako indarkeria dela eta, egoitzatik urrundu egin dira ikasleak. Iturrien arabera, bertara eramaten duen kalea oztopatzea erabaki dute.
Yemen
Herrialdearen erregimen aldaketarik ez duela onartuko adierazi du Ali Abdala Saleh Yemengo presidenteak. Alabaina, bere Gobernuaren aurka manifestatzen ari direnak "gutxiengo" bat dela azpimarratu du.
"Nortzuk dira manifestariak? Egipton eta Tunisian bezala, Gobernua aldatu nahi badute, hori onartezina da, baina nahi izanez gero, hauteskundeen bitartez egin dezakete", nabarmendu du Salehek. 1990. urtetik boterean dagoen buruzagiak elkarrizketa politikoa egiteko eta gobernuarekin batzeko gonbidapena luzatu die oposizioko alderdiei. "Herriak baietz esan dio erreforma politikori baina ez estatu kolpeen bitartez lortutako kaosari, iraultzari eta jendearen heriotzei", gaineratu du presidenteak.
Barhain
Gobernu berria eskatzeko herrialdeko hiriburuan dagoen Manama Perlako enparantzan kanpatu dute Barhaingo manifestariek. Hauei babesa eman diete greban jarri diren 1.500 irakasle. Horren ondorioz, hainbat ikastetxek bere ateak itxi behar izan dituzte.
"Gobernua bere horretan mantentzen den bitartean, ez da klaserik egongo", abestu dute irakasleek batera. Bertan, 10.000 lagun inguru bildu dira. Duela astebete hasi ziren protestaldien buru xiïta talde erlijiosoa da. Honek gobernuan eragina zabalago izan dezan eskatu du.
Alderdiekin elkarrizketa prozesu bat zabaldu dezan eskatu dio Hamad bin Isa al Jalifa erregeak bere semeari. Baina protestaldiak direla eta, oposizioa ez da fidatzen.
Egipto
Hosni Mubarak presidente ohiaren eta haren senideen atzerriko aktiboakizoztea eskatu dio Atzerri Ministerioari Egiptoko Fiskaltzak.
Bestalde, zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, Hosni Mubarak presidente ohiaren zenbait aurkari daude Egiptoko Gobernu berrian.
Hala ere, Gobernu berriaren parte izateko gonbidapena ez dutela jaso argitu dute oposizioaren talde nagusia den Musulman Anaiek. Gainera, Mubaraken ministroen irteera eskatu dute.
Igande honetan iragarri zuten birmoldaketek ez dute Defentsan, Atzerriko Sailean, Finantzetan eta Barne Ministerioetan eraginik izango. Gobernuak zenbait aurpegi berri sartu ditu tartean, erregistratuta dauden alderdi politikoen hiru kide.