Mundua -

EUROGUNEAREN ERREFORMA

Eurogunearen erreforma adostu du Eurotaldeak

Adostasunaren ondotik, Europako buruzagiek erreformari buruzkoak jorratu ahal izango dituzte abenduko goi-bileran.

Euroguneko Finantza ministroen familia argazkia. Argazkia: EFE
Euroguneko Finantza ministroen familia argazkia
Euroguneko Finantza ministroen familia argazkia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurotaldea osatzen duten euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek akordioa lortu dute astearte honetan, dirua eta batasun ekonomikoa indartzeko helburuarekin etorkizuneko krisi ekonomikoen aurrean. 18 orduko negoziazioen ondoren, ados jarri dira eurogunea erreformatzeko.

"Eurotaldearen bilera 18 orduren ostean amaitu da. Eurogunearen erreforma egiteko akordio bat daukagu", esan du Luis Rego bozeramaileak Twitter bidez zabaldu duen mezuan.

 

 

Bilera atzoko 13:00etan hasi zen eta gaurko 08:00etan amaitu da.

"Negoziazioa oso zaila izan da, baina giltzarri diren gai batzuetan aurrerapen handiak egin dira", esan du Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak bileraren osteko prentsaurrekoan.

Halaber, Europako Egonkortasun Mekanismoari estatuen ekonomia zaintzeko botere gehiago ematea onartu du Eurotaldeak. Gaur egun, Europako Batzordeak bakarrik dauka eskumena.

Zuhurtziazko kreditu-lerroen eraginkortasuna areagotzea ere adostu dute. Gaur egun, zailtasun ekonomikoak dituzten baina erreskaterik behar ez duten estatuek eskatu ahal dituzte. Hala ere, ministroek azpimarratu dutenez, erreskate funtsen babesa eskatzea "azken aukera" izan behar da, eta baldintza egokietan egin behar da.

Gainera, zor publikoaren sostengarritasuna sustatzeko prozesu bat abiatzea ere erabaki dute. Horretarako, bonu jasangarrien jaulkipenean klausulak gehituko dira 2022tik aurrera. Praktikan, hartzekodunek berregituratze kasuetan galerak beren gain hartzea ekarriko du.

Bestalde, SRM bankuak likidatzeko funts bateratua babesteko "su-hesi" bat abiatzea ere erabaki du Eurotaldeak. Azken horrek esku hartu behar du, azken aukera gisa,  erreskate publikoa saihesteko eta hondoa jo duten bankuei laguntzeko. Hasiera batean 2024rako aurreikusita bazegoen ere, lehenago martxan jartzea adostu dute, 2020rako arriskuak murrizten badira.

Azkenik, eurogunerako aurrekontu bat egiteko prest agertu da Eurotaldea, Frantziak eta Alemaniak proposatutakoaren ildotik. Agintariek datorren astean egingo duten goi-bileran jorratuko duten gaietako bat izango da.

Eurotaldeak hitzartutakoari buruzko txostena emango dio gaur bertan Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Nazioartea EB Zer ari da gertatzen Europan? Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea