Mundua -
Pirateria
AEBetako lau bahitu hil dituzte yate batean, Somalian
Askapena lortzeko negoziatzen ari zirenean ustez hil dituztela jakitera eman du CNN telebistak lehenxeago.
Erredakzioa
Somaliako itsaslapurrek bahitutako AEBetako lau lagun hil dituztela jakitera eman du AEBetako Armadak. Lau bahituak yate batean atxikita zituzten piratek.
Lehenxeago, askapena lortzeko negoziatzen ari zirenean ustez hil dituztela jakitera eman du CNN telebistak.
AEBetako Armadako soldaduek bi itsaslapur hil eta beste 13 pirata atxilotu dituzte ondorengo istiluetan, iturri ofizial baten arabera.
Yatean Jean eta Scott Adam jabeak zihoazen. 2004ako abenduan munduari bira emateari ekin zioten. Era berean, Phyllys Mackay eta Rob Riggle gonbidatuak zeuden ontzian.
Itsaslapurrek iragan ostiralean bahitu zuten ontzia Omaneko kostaldetik 240 miliara. Ondoren, Somaliako kostaldera bidean jarri ziren.
Tiroketa
Pentagonoaren esanetan, yatea jarraitzen zuten AEBetako Armadako soldaduek piraten tiroei erantzun behar izan diete, nahiz eta irtenbide bat bilatzeko negoziatzen aritu.
Gutxi geroago, lau bahituen gorpuak topatu dituzte soldaduek. Horregatik, ontzia harrapatzea erabaki dute, Pentagonoaren hitzetan.