Mundua -
Iraultza Libian
Libian dagoen lekeitiarra, etxera noiz itzuliko zain
Bestalde, Jaurlaritzak baieztatu ahal izan duenez, motorzale gipuzkoarrak onik daude. Gainera, beste bi euskal herritarren berri izan du.
Erredakzioa
Joseba Etxebarria, Libiako Ras Lanuf herrian harrapatuta dagoen lekeitiarra, Espainiaren Tripoliko Enbaxadaren berrien zain dago, etxera itzuli ahal izateko.
Mirari Etxebarria haren arrebak Europa Pressi azaldu dionez, familiak harekin hitz egin du azken orduetan, eta bera eta Tomas Valcarcel madrildarra ondo daudela baieztatu die. Enbaxadak Libiatik joateko argibideak noiz emango zain daude.
Etxebarria eta Valcarcel Alemaniako enpresa batentzat lan egiten ari ziren, portu inspektore gisa, iraultza hasi zenean. Hotel batean zeuden, baina lagun baten etxera joatea erabaki zuten.
Gainerako euskal herritarren egoera
Bestalde, Libian dauden motorzale gipuzkoarrak onik daude, Eusko Jaurlaritzak baieztatu ahal izan duenez. Halaber, herrialde horretan beste bi euskal herritarren berri izan dutela iragarri du.
Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkariak prentsaurrekoa eskaini du Gasteizen, Libian dauden euskal herritarren egoera azaltzeko.
Bere esanetan, motorzaleen senideek haien berri izan dute gaur goizean, gailu elektroniko baten bitartez.
Motorzaleek, baina, ezin dituzte mezuak jaso, basamortuan barrena baitaude, kostaldetik 1.500 kilometrora. Hortaz, baliteke herrialdean gertatzen ari dena ere ez ezagutzea.