Mundua -
Wikileakseko sortzailea
Assange Suediara estraditatzea onartu du epaile britainiar batek
Julian Assangeren abokatuek astebeteko epea dute epaileak hartutako erabakiaren kontrako helegitea jartzeko. Europako estradizio sistema gogor kritikatu du Assangek.
Erredakzioa
Epaile britainiar batek Julian Assange, Wikileaksen sortzailea, Suediara estraditatzeko eskaera onartu du. Suediak bere estradizioa eskatu zuen ustezko lau sexu delitu egotzita.
Bi emakumek bere kontra jarritako bortxaketa eta sexu erasoen inguruko salaketak estraditatzeko moduko irainak direla adierazi du Howard Riddle epaileak eta Suediak agindu judiziala ondo igorrita zuela gaineratu du.
Assangeren abokatuek astebeko epea dute epailearen erabakiaren aurkako helegitea jartzeko.
Assangeri Suedian egingo dioten epaiketa justua ez dela izango pentsatzeko motiborik ez dagoela adierazi du Riddle epaileak, eta gaineratu du Wikileaksen bitartez zabaldutako milaka txosten ofizialengatik AEBetan epaitua izango dela pentsatzeko arrazoirik ere ez dagoela.
Estradizio sistema kritikatu du Assangek
Europako estradizio sistema gogor kritikatu du Assangek eta bere abokatuek helegitea aurkeztu beharko zutela bazekiela adierazi du.
Belmarsh Magistrate Courteko epailearen erabakia ezagutu ostean emandako prentsaurrekoan, "atxiloketa euroaginduen % 95ek aurrera egiten" dutela gogorarazi du Assangek, eta Europako estradizioen funtzionamenduaren aurka gogor egin du.
"Nire aurka aurkeztutako akusazioen sendotasuna ez dute kontuan izan prozesu osoan zehar. Errekurritu beharko genuela beti jakin izan dugu", adierazi du 39 urteko australiarrak.
Prozesu judiziala
Wikileakseko sortzailea Suediara estraditatua izanez gero lekukorik gabe epaituko dutela argudiatu zuten Assangen abokatuek orain bi aste egindako saioan. Antza, eraso sexualen inguruan lurralde hartan indarrean dagoen legeak horrela ezartzen du.
Halaber, Suediatik AEBetara bidali eta traizio handiko delituagatik exekutatua izan daitekeen kezka ere azaldu zuen bere defentsak.
Julian Assange iragan abenduan atxilotu zuten Londresen Suediak bere estradizioa agindu eta gero.