Mundua -
Ebakuazioa
Motorzale gipuzkoarrak Enbaxadarekin harremanetan jarri dira Libian
Hala ere, motorzaleak Tripolira helduko diren ez dakite. Hiriburuan Espainiako Indar Armatuetako hegazkin bat dute zain. Hegazkin horretan ez da Joseba Etxebarria lekeitiarra egongo.
Erredakzioa
Gipuzkoako motorzaleen taldea Espainiako Enbaxadarekin harremanetan jarri da, baina Tripolira helduko diren ez dakite. Arratsaldeko lehen orduan Espainiako hegazkin batek lur hartu du hiriburuan eta iraultzak harrapatutako espainiarrak ebakuatzeko zain dago.
Libian dauden 50 espainiarrak, besteak beste, Gipuzkoako eta Nafarroako 15 motorzaleak, arratsaldean aberriratuko dituzte Gobernuak bidalitako hegazkinean, Atzerri Ministerioak komunikatu batean jakitera eman duenez. Hegazkina Argeletik Tripolira abiatu da eguerdian.
Espainiako Aire Indarraren hegazkinak Tripolin lur hartuko du eta 50 bat espainiar hartuko ditu.
Era berean, EBko eta Iberoamerikako zenbait herritar aberriratuko ditu hegaldiak. Madrilera "arratsalde honetan" helduko da, oharraren arabera.
150 bidaiari eraman ditzake Boeing 707 hegazkinak, ondorioz, EBko beste herritar batzuk Libiatik ateratzeko aukera helarazi die Espainiak estatuei.
Basamortuan harrapatuta
Libiako beste tokietan diren espainiarrak ateratzeko lan egiten ari da Atzerri Ministerioa eta "beste bide" batzuk erabiliko dituzte horretarako. Horien artean, Nafarroako eta Gipuzkoako 15 motorzaleak daude, basamortuan bakarturik, kostaldetik 1.000 kilometrora.
Ebakuazioa bihar baino lehen bukatzeko konpromisoa hartu du Trinidad Jimenezen Ministerioak.
Lekeitiarrak ez du hegazkinean herria utziko
Bestalde, Joseba Etxebarria lekeitiarra Ras Lanuf hirian harrapatuta dago, baina ez du Aireko Indarren hegazkinean herria utziko, ordezko bideak erabiliko dituelako.
Oraingoz, Tomas Varcarcel lankidearekin errefuxiatua dago bere enpresako delegatuaren etxean.
Mirari Etxeberria Josebaren arrebaren hitzetan, Atzerri Arazoetako Ministerioarekin "harremanetan" dago, eta Libiatik ateratzeko "ordezko bideak" aztertzen ari ditu. Izan ere, ezin da Tripolira heldu Libiako hiriburuan bizi den kaosa dela eta. Aukera horietako bat itsasotik ateratzea da, Europar Batasuneko beste herri batzuk egiten ari diren bezala.
Mirarik azaldu duenez, "modu batera edo bestera, Libiatik aterako dituztela ziur daude", baina Tripolitik ateratzeko aukera bertan behera gelditu da. "700 kilometrora daude eta hiriburua dagoen moduan dago", esan du.