Itxi

2018/12/26

09:44

Mundua

Tsunamia

'Muturreko klimaz' ohartarazi dute Indonesiako agintariek, kaltetutako itsasaldean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

154 lagun daude desagertuta larunbatean Sondako itsasartea astindu zuen tsunamiaz geroztik. Gutxienez, 430 pertsona hil zituen tsunami horrek.

  • Herritarrak hondakinen artean oinez, suntsitutako lekuetako batean

    Tsunamia Indonesian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Indonesiako agintariek ohartarazi dute "muturreko klima eta olatu handiak" egon litezkeela erupzioan dagoen Anak Krakatau sumendiaren inguruan. Horregatik, kostaldetik urruntzeko agindua eman die, berriro ere, hango biztanleei.

Indonesiako meteorologia agentziak (BMKG ingelesez) asteartean esan zuenez, eguraldi kaskarra dela eta, sumendiaren kraterra hauskorrago bihur liteke.

"Anak Krakatauren dardara bolkanikoak beren-beregi aztertzen dituen kontrol-sistema garatu dugu, alerta goiztiarrak bidali ahal izateko", azpimarratu du Dwikorita Karnawati BMKG agentziaren zuzendariak.

Bien bitartean, errepidetik helezinak diren lekuetara iritsi nahian dabiltza erreskate taldeak. Milaka lagun karpetan edo aldi baterako ezarritako aterpetxeetan sartu dituzte; hala nola, meskitetan edota eskoletan. Hartara, ehunka lagunek lurrean botata edota suntsitutako instalazioetan egiten dute lo egunero.

Tsunamia Gabonetan gertatu izanak, 2004ko abenduaren 26an jazotakoa ekarri die gogora askori. Orduan, 226.000 lagun hil ziren hamalau herrialdetan: horietatik 120.000 gutxi gorabehera, Indonesian.

Gauzak horrela, Indonesiako agintariek kritika gogorrak jaso dituzte sumendiaren erupzioaren ondotik ez zutelako tsunamiaren iritsiera aurreikusi. Nolanahi dela, adituen arabera, ez da ohikoa erupzioen ostean tsunamiak gertatzea.

154 pertsona ari dira bilatzen

Tsunamiaz geroztik desagertutako 154 pertsona ari dira bilatzen Indonesiako agintariak.

Azken balantzeak zehaztu du 430 direla dagoeneko tsunamiak hil dituen lagunak. Gainera, 1.500 pertsona zauritu ditu, eta 16.000 dira etxetik atera behar izan diren herritarrak.

Bilaketa-lanetan diharduten laugarren eguna da gaur. Dirudienez, euriak zaildu egin du erreskate taldeen lana.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;