Mundua -
Italia
Italiako Gobernuak larrialdi egoera ezarriko du Sizilian
Etna sumendiaren erupzioa dela eta, hainbat lurrikara izan dira azken egunotan zonalde horretan. Ez da inor hil, baina kalte material handiak izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Gobernuak larrialdi egoera ezarriko du ostiral honetan Sizilian, Etna sumendiaren erupzioaren ostean izan diren lurrikarek eragindako kalteak direla eta.
Joan den asteazkenean, Ritcher eskalan 4,8 gradura iritsi zen lurrikara izan zen Sizilia ipar-ekialdean, hainbat eraikin behera etorri ziren eta hamar bat pertsona zauritu egin ziren.
Etna sumendiaren erupzioa abenduaren 24an hasi zen eta orduz geroztik lurrikarak izan dira, azken orduotako dardarak askoz txikiagoa izan badira ere.
Gaur, Italiako Gobernuko bi presidenteordeak –Luigi Di Maio eta Matteo Salvini- Catanian izan dira hondamendiaren ondorioak bertatik bertara ikusteko. Normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko asmoz, tokian tokiko agintarien esku beharrezkoak diren bitarteko guztiak jarriko dituztela iragarri dute.
Bestalde, Etna sumendiaren jarduera jarraitzen ari diren adituen arabera, "egoera kontrolpean dago".