Mundua -

EGIPTO

Lau pertsona hil dira Egipton, autobus turistiko baten kontrako erasoan

Autobusa igarotzerakoan bonba bat leherrarazi dute, Gizako piramideetatik gertu. Hildakoak hiru turista vietnamdar eta taldeko gida dira. Halaber, beste hamaika pertsona zauritu dira.

Honela gelditu da erasoa izan duen autobusa. Artxiboko argazkia: EFE
Honela gelditu da erasoa izan duen autobusa
Honela gelditu da erasoa izan duen autobusa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez lau pertsona hil eta beste hamar zauritu dituzte ostiral honetan Egipton, Gizako piramideetatik gertu, autobus turistiko bat igarotzerakoan bonbat bat leherrarazita, Egiptoko Barne Ministerioak emandako datuen arabera.

Hildakoak hiru turista vietnamdar eta taldeko gida (egiptoarra) dira. Zaurituetako hamar lagunetatik bederatzi turista vietnamdarrak dira. Horrez gain, autobuseko gidaria (egiptoarra) ere zauritu da.

Etxean egindako lehergailua errepide ertzeko horma batean ezkutatu dute eta autobusa igarotzerakoan, bertan 18:15an zirenean, eztanda egin du.

Gizako piramideetan gauero eskaintzen duten argi eta musika ikuskizuna ikustera zihoazen, Sameh Saad Sound and Light enpresako zuzendariak EFE albiste agentziari azaldu dionez.

Mustafa Madbuli Egiptoko lehen ministroaren esanetan, autobusa Barne Ministerioak ibilgailu turistikoentzat zehaztutako bidetik atera zen eta ez zien ibilbide aldaketa jakinarazi agintariei.

Oraingoz, ez du inork erasoa bere gain hartu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Atentatuak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Egiptoko albisteak