Mundua -
Denborale bat tarteko
Sei pertsona hil dira Danimarkako zubi batean jazotako tren istripu batean
Beste 17 pertsona zauritu dira. Herrialdea astintzen ari den Alfrida denboralearekin lotura izan lezake ezbeharrak.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez sei pertsona hil eta 16 zauritu dira gaur Danimarkan Gran Belt itsasarteko zubian jazotako tren istripu batean, Danimarkako tren konpainiaren arabera. Alfrida denboraleak gogor jo du herrialde eskandinaviarra, eta horrekin lotura izan omen du ezbeharrak.
Lehen datuen arabera, haize bolada gogorrek tren baten merkantziaren zati bat airean eraman dute, eta horietako batzuk trenbidera. Une horretan, bidaiarien tren bat pasatu da kontrako noranzkoan. Trenean 131 bidaiari eta hiru langile zihoazen. Zauritu ez diren pertsonak inguruko kiroldegi batera eraman dituzte, arreta psikologikoa jaso dezaten. Zauritutako 17 lagunak Odenseko Ospitalera eraman dituzte, baina inor ez dago larri.
Danimarkako agintariek zubiko zirkulazio guztia eten dute. Gran Belteko zubiak Selandia —Danimarkako lehen uhartea— eta Fiona —bigarren uhartea— lotzen ditu, eta herrialdeko komunikazio bide nagusietako bat da.
Danimarkako Poliziak goizean eman duen prentsaurrekoan ez du hildako edo zauritutakoen kopururik eman nahi izan. "Oso istripu larria izan da, hainbat pertsona hil dira. Oraingoz, zoritxarrez, ezin dugu datu gehiagorik eman", nabarmendu dute.
Arne Gram Fionako poliziaburuak ez du istripua zerk eragin duen zehaztu nahi izan: "Ikerketak argituko du hori".
Horrela geratu da bidaiaren trena istripuaren ostean. Argazkia: EFE:
Alfrida denboraleak kalte ugari egin ditu Danimarkan, eta alerta dago ezarrita. Haize bolada gogorren ondorioz, zuhaitzak jausi dira errepideetara eta trenbideetara, eta ibaiek gainezka egin dute hainbat lekutan.
Sund itsasarteko zubia ere —Kopenhage Malmoerekin (Suedia) lotzen duena— itxita egon da ordu luzez. Suedian 100.000 herritar geratu dira argindar barik, denboralea dela eta.