Mundua -

Saudi Arabia

Heriotza mehatxua Bangkoken atxikitako saudiarabiarrarentzat, islamaz arnegatzeagatik

Islamari eta adostutako ezkontza bati uko egin zien 18 urteko Al-Qununek, senitartekoei aurre eginda. Horretarako, ihes egitea erabaki zuen, eta orain heriotza mehatxuak jaso ditu.

Al-Qunun, Bangkoken atxikitako gazte saudiarabiarra. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Al-Qunun, Bangkoken atxikitako gazte saudiarabiarra
Thailandian asiloa eskatu du Saudi Arabiatik ihes egin duen gazteak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bangkokeko aireportuan atxikita duten saudiarabiar gazte bati heriotza mehatxua egin dio familiak, islamari eta adostutako ezkontza bati uko egiteagatik.

"Hil egingo nautela esan didate, eta ez zaie axola edonoren aurrean mehatxu egitea. Haiena edo haien esklabo naizela uste dute", idatzi du Rahaf Mohammd Al-Qununek txio batean. Izan ere, larunbataz geroztik, senitartekoekin gertatu zaiona kontatu du Twitter bidez.

Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, 18 urteko gazteak familiari aurre egin zion, islamari eta adostutako ezkontza bati uko eginda. Horregatik, Saudi Arabiatik alde egitea erabaki zuen senitartekoekin Kuwaiten zegoela.

"Ez zuen hijabik jantzi nahi eta erlijio kontuengatik tentsio handia zeukan gertukoekin. Dirudienez, ezkontzera behartu zutenean lehertu zen haien arteko tirabira", adierazi du gobernuz kanpoko erakundeko Sunai Pasu Nilandiako ordezkariak.

Sunaik zehaztu du larunbatean iritsi zela Al-Qunun Suvarnabhumiko aireportura, Kuwaitek heldutako hegaldi batean. Saudi Arabian ez bezala, Kuwaiten, bidaiatzeko orduan, emakumeek ez dute gizonen baimenik behar.

Human Rights Watcheko ikertzaileak gaineratu du Australiara joateko asmoa zeukala gazteak. Dagoeneko hegazkineko txartela erosita zeukan eta bisa ere eguneratua zuen.

Alabaina, Thailandiako agintariei "gezurra" esan izana egotzi zien. Hain zuzen ere, Kuwait Airways konpainiako langile batek pasaportea kendu ziola ziurtatu du Al-Qununek, Saudi Arabiako Enbaxadak eskatuta Kuwaitera itzuli behar zela argudiatuta.

"ACNUReko norbait etorri arte ez naiz hemendik aterako. Asiloa nahi dut", esan du Twitterren argitaratutako bideo batean.

ACNURen babespean geratu da azkenik

Larunbataz geroztik Bangkokeko aireportuan atxikita izan duten gaztea ACNURen zaintzapean geratu da azkenik, Polizia iturriek zabaldutako informazioaren arabera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Erlijioa azken ordukoa GKEak Saudi Arabia gaur