Mundua -

Iraultza Libian

London School of Economics, Gadafiren erregimenaren kolaboratzaile?

Erakunde ospetsuaren zuzendariak dimititu behar izan du, Libiako diktaduraren "etorkizuneko buruzagiek" Londresen ikasteko akordioa sinatu zuela jakin izan baita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

London School of Economics (LSE) Erresuma Batuko unibertsitate ospetsuko zuzendariak, Howard Davies-ek, dimisioa aurkeztu du bart, Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen erregimenarekin zuen harremanaren ondorioz azken egunetan piztutako polemika dela eta.

Izan ere, Wikileaksek argitaratu zuenez, LSEk akordioa lortu zuen erregimenarekin, "diktaduraren etorkizuneko buruzagiek" Londresen ikas zezaten. 400 pertsona guztira. Beste 250k Libian bertan jasoko zuten prestakuntza.

The Times egunkariaren arabera, akordio hori 1,12 milioi eurokoa izan zen, eta Said al-Islam diktadorearen semeak sinatu zuen.

Said al-Islam erakunde akademikoari diru gehien eman dion pertsonetakoa da eta, gainera, doktoratu egin zen bertan. Dena dela, doktoregoa kopiatu izana egotzi diote.

Testuinguru horretan, sir Howard Davies erakundeko zuzendariak dimisioa aurkeztu du, eta Said al-Islamen "dohaintzak" onartu izana akatsa izan dela aitortu du.

Daviesek dimisioa eman eta gero, erakundeak iragarri du ikerketa abiatuko duela zuzendari ohiaren eta Gadafitarren arteko harremana eta Said al-Islamek doktoretza "erosi" zuen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea