Mundua -
Iruzkina
Gadafik nazioartearen mugimenduak mugatu ditu
Agintea bizkor utziko balu, europarrak, estatubatuarrak eta arabiarrak Libiarentzat estrategia berri bat antolatzeaz ardura litezke. Aginteari eutsiz gero, zailagoa da politika koherente bat egitea.
Jesus Torquemada
Muamar Gadafi agintea gogor eusten ari da eta badirudi Libiako ekialdea kontrolpean duten matxinatuak ez direla Tripolira iristeko eta Gadafi agintetik kentzeko gai izango.
Gatazka gero eta gehiago luzatzen ari da eta libiarren sufrimendua areagotzeaz gain, nazioarte mailan gauzak zaildu egin dira. Guztiontzat errazena amaiera azkar bat litzateke, gutxi gorabehera Tunisian eta Egipton gertatu bezala. Gadafik agintea bizkor utziko balu, europarrak, estatubatuarrak eta arabiarrak Libiarentzat estrategia berri bat antolatzeaz ardura litezke. Baina Gadafik aginteari eutsiz gero, zailagoa da politika koherente bat egitea.
Frantzia eta Erresuma Batua saiatu dira dagoeneko bertako Kontseiluarekin, alegia, matxinatuek Bengasin eratu duten behin behineko Gobernuarekin, harremanetan jartzen. Atzerriko ekimen bat gehiago egon da, baina guztiz kontrakoa izan da. Hugo Chavezek, Venezuelako presidenteak bitartekari izateko bere burua proposatu du. Kasu honetan, Gadafiri boterean mantentzen lagundu nahi dio Chavezek.
Bestalde, Gadafi boteretik kentzen lagunduko lukeen nazioarteko eskuhartze militarraz ere hitz egiten da. Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluaren baimena funtsezkoa litzateke horretarako, baina ez litzateke nahikoa izango, Liga Arabiarraren eta Afrikako Batasunaren baimena ere beharko litzatekeelako. Erakunde guzti horien babesik gabe, hobe eskuhartze militarra bertan behar uztea.