Mundua -
Kolonbia
21 pertsona hil dira Bogotan, bonba auto bat zartarazita
Atentatua Poliziaren Akademia baten aurka egin dute. Gutxienez 68 pertsona zauritu dira. Erasotzailea identifikatu dute dagoeneko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 21 pertsona hil eta 68 zauritu dira Bogotan (Kolonbia), atentatu batean, Poliziak egindako azken balantzearen arabera.
Hain zuzen ere, Poliziaren Akademia baten aurka egin dute erasoa, herrialdean 09:30ak zirenean, bonba auto bat leherrarazita. Atentatua jazo den unean, dominak banatzeko ekitaldi bat egiten ari ziren barruan.
Segurtasun kontrolak gainditu ostean, erasotzaileak autoa zartarazi du desfileetarako patioan. Hildakoetako bat autoko gidaria da. Bien bitartean, atentatu suizida bat izan ote den ikertzen ari dira.
Ivan Duque Kolonbiako presidenteak jakinarazi duenez, atentatuaren egile materiala "guztiz identifikatuta" daukate.
Nestor Humberto Martinez fiskal nagusiak zehaztu duenez, Jose Aldemar Rodriguez zuen izena erasotzaileak. Lehen ikerketen arabera, 80 kilo pentonita leherrarazi ditu.
"Gure polizia agenteekin gaude", esan du Marta Lucia Ramirez Kolonbiako Gobernuko presidenteordeak bere Twitter kontuan.
Kolonbian hainbat gerrilla eta talde armatu daude, hala nola ELN. Oraingoz, baina, ez dago Rojas Rodriguez erasotzaileak talde horietakoren batetik loturarik zuen ala ez.