Mundua -
MEXIKO
Gutxienez 66 pertsona hil dira Mexikon, erregai hodi baten leherketan
Erregai ihes baten ondoren lurrean zegoen likidoa bidoietan eramaten ari ziren dozenaka pertsona, leherketa izan denean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 66 pertsona hil dira ostiral honetan eta 76 zauritu dira Petroleos Mexicanos (Pemex) enpresaren hodi batean izan den leherketan, Hidalgo estatuan, Mexikon. Iturri ofizialek jakitera eman dutenez, gasolina legez kanpo hartzen ari ziren pertsona horiek leherketa izan denean.
Gauerdi aldera itzali dute sua larrialdi taldeek eta orduan erreskatatu ahal izan dituzte hilotzak, eta biktimak zenbatu. Alfonso Durazo Segurtasun Publikorako idazkariak baieztatu duenez, 66 hildako eta 76 zauritu eragin ditu eztandak. Zauritu askok erredura larriak dituzte eta litekeena da oraindik ere hildako gehiago izatea. Ezbeharra izan den inguruan ere hildako gehiago egon omen daitezke.
Lehen ikerketen arabera, hoditerian gasolina ihesa izan zen ostiral arratsaldean eta ehunka lagun hurbildu ziren, bidoiak hartuta, erregaia hartzera. Bat-batean leherketa izan zen.
Omar Fayad Hidalgo estatuko gobernadoreak leherketa ingurura ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei, ez baita segurua.
Zabaltzen ari diren telebista irudiak oso gordinak dira: sua, erretako hilotzak eta suntsipena.
Duela bi aste erregai-krisia hasi zen Mexikon, Pemex enpresako hoditerian izaten ari ziren sabotajeak ekiditeko Gobernuak kontrol neurriak hartu zituen eta zenbait hornidura itxi, eta horrek erregai gabezia ekarri du hainbat estatutara.
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak agerraldia egin du hedabideen aurrean, gertatutakoari buruzko informazioa emateko herritarrei. Biktimen senideei bere doluminak helarazi dizkie, eta Mexiko osoarentzat gaurko egun tristea dela esan du.