Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Armadan transexualei betoa jartzeko baimena eman dio Gorenak Trumpi
Goreneko lau magistratu progresistak erabakiaren aurka agertu dira. Agindu polemikoaren kontra helegite-oldea aurkeztu zuten, eta horiek aztertu behar dituzte epaitegiek orain.
Agentziak | Erredakzioa
Armadan transexualei betoa aplikatzeko baimena eman dio Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Donald Trumpen Gobernuari. Agindu polemikoaren aurka helegite-oldea aurkeztu zuten, eta horiek aztertu behar dituzte epaitegiek orain.
2017ko uztailean neurria aurrenekoz iragarri zuen Trumpek Twitter sare sozialean; ondoren Defentsa Departamentuak agindua argitaratu zuen, baina ñabardura batzuekin. 2016ko datu ofizialen arabera, ia 9.000 soldadu transgenero dira AEBetan.
Gorenak ez du auziaren muina aztertu, baina Trumpen Administrazioari garaipen sinboliko bat eman dio, neurria indarrean jartzeko baimena emanez, azpiko epaitegiek hartu beharreko erabakien zain.
Goreneko lau magistratu progresistak (gutxiengoa auzitegian) erabakiaren aurka agertu dira, The New York Times egunkariak zehaztu duenez.
Transexualak Armadako kide izatea debekatzen du neurriak, baina zenbait salbuespen planteatzen ditu dagoeneko soldadu direnentzat, beti ere “sexu biologikoarekin” ados lan egitea onartzen baldin badute.