Mundua -

Rabaten

Konstituzioaren erreforma 'sakona' iragarri du Mohamed VI.ak Marokon

Nazioari emandako hitzaldi batean, Marokoko erregeak "aukera ausartzat" jo du Konstituzioaren erreformaren iragarpena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed VI.a Marokoko erregeak iragarri duenez, Konstituzioaren erreforma "sakona" egingo du batzorde batek, besteak beste, lehen ministroaren eskumenak gehitzeko eta "botere exekutibo eraginkor bat" sortzeko. Aldaketa horiek guztiak erreferendum bidez onartuko lituzkete.

Nazioari emandako hitzaldi batean, Marokoko erregeak "aukera ausartzat" jo duena iragarri du, eta "Konstituzioa aztertzeko batzorde berezi baten eraketa" aldarrikatu du. Alderdi politikoekin, sindikatuekin eta gizarte zibileko kideekin bildu ostean, batzorde horrek zuzenketen proposamen bat aurkeztuko du ekainean.

"Konstituzio berriaren onarpena erreferendum bidez egitea espero dugu", esan du Mohamed VI.ak. Ildo horretan, "herriaren interes nagusiak" kontuan izateko eskatu du. Halaber, Marokoko eredu demokratikoaren sendotze prozesuaren bidean "oinarrizko pausua" izatea espero duela esan du Mohamed VI.ak.

Erreformaren ardatz nagusienen artean botere ezberdinen arteko "banaketa eta oreka" mantentzea dago. Hori horrela, Diputatuen Ganberari "zeregin berriak" eman nahi dizkio, "ordezkapen eta kontrol handiago izateko". Halaber, hiritarrek aukeratutako eta parlamentarien konfiantza duen Gobernua osatu nahi duela adierazi du.

Era berean, erreforma horren bitartez, "boto gehien lortu zituen alderdiak aurkeztutako lehen ministroaren izendapena berretsi" nahi du. Ildo horretan, lehen ministroak Gobernuaren eta administrazio publikoaren erantzukizun "osoa" bere gain hartzeko proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea