Mundua -

Venezuela

Agintari batzuek Venezuelako 'estatu-kolpea' babestu izana deitoratu du Errusiak

Nicolas Maduroren zilegitasuna defendatu du Errusiak, eta Gobernua boteretik kendu nahi izatea leporatu dio AEBei.

Seguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Seguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Seguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko agintari batzuek Venezuelako “estatu-kolpea” babestu izana deitoratu du gaur Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroak. “Inork” ez du buruzagi bat legez kanpoko baliabideekin boteretik kentzeko eskubiderik, erantsi du.

“Beste behin ere, plaza batean beste estatuburu bat ‘aukeratu’ dute, Konstituzioari jaramonik egin gabe; horren lekuko izan gara. Gainera, zenbait herrialdetako buruzagiek estatu-kolpea babestu dute. Oso azkar. Ordena bat jarraitzen egongo balira bezala”, adierazi du Medvedevek Twitter sare sozialean.

“Inork ez du hauteskundeak duela gutxi irabazi zituen estatuburu bat legez kanpoko baliabideekin boteretik kentzeko eskubiderik (herrialde edo indar politiko zehatz batzuei gustatu ala ez)”, azpimarratu du Medvedevek.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen zilegitasuna defendatu du Errusiak, eta Gobernua erditik kendu nahi izatea leporatu die AEBei.

Lavrov: "Hori beste herrialde bateko barne arazoetan eskua sartzea da"

Aldez aurretik, Seguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Aljerian ziurtatu duenez, AEBek eta zenbait herrialdek “bere burua presidente” izendatu duen Juan Guaido babesteak krisian zuzeneko parte-hartzea izan dutela frogatzen du.

“Hori beste herrialde bateko barne arazoetan eskua sartzea da eta, dakizuen bezala, Nicolas Maduro boteretik kentzeko saiakera bat izan zen dagoeneko, baita bera hiltzekoa ere”, azaldu du Lavrovek.

Atzerri ministroaren ahotan, herrialdean bi buruzagi izateak “kaosa eta ezegonkortasuna” sortuko du. Bestalde, Venezuelan “esku-sartze militarra” aurrera eramateko edozein egitasmo “erabat baztertzea” eskatu du Lavrovek.

Partida “arrotz, oso zikin eta kriminal” baten “peoi” ez bihurtzeko eskatu dio Lavrovek Venezuelako oposizioari. Azkenik, elkarrizketa nazional bat bideratzeko baldintzak sortu behar direla esan dio Errusiako ordezkariak nazioarteari, alde bakoitzak bere iritzia eman dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó