Mundua -
Europako liderren goi-bilera
Europar Batasunak erantzun bateratua eman nahi dio Libiako krisiari
Frantzia eta Ingalaterra eraso selektiboak egin eta oposizioa solaskide ofizial izendatzearen alde daude. Belgika eta Suedia aukera horren kontra daude.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) liderrak ez-ohiko bileran dira Libiako krisiak okerrera egin eta horren aurrean erantzun bateratua adostu nahian. Frantziak Libiako oposizioaren aldeko jarrera hartu du eta Sarkozy Muamar Gadafiren indarren kontrako eraso selektiboak egitearen alde dago.
Frantziaren jarreraren inguruan eztabaida ugari daude, batez ere Trantsiziorako Libiar Kontseilu Nazionala (CNLT) solaskide ofizial izendatzearen eta eraso selektiboen inguruan.
Sarkozyk bileraren atarian esandakoaren arabera, "Frantzia arabiar herrialdeetan ematen ari diren aldaketen alde dago".
Frantziako presidenteak eta David Cameron lehen ministro britainiarrak eskutiz bat bidali zieten bart Europako Kontseiluko kideei "Gadafik eta bere ingurukoek" Libia uzteko. Horrez gain, oposizioari "guztiak ordezkatzen dituen Gobernua" sortzeko babesa agertu zion.
Yves Leterme Belgikako jarduneko lehen ministroa eta Fredrik Reinfeldt, Suediakoa, ez daude batere ados Libiako oposizioa solaskide izendatzearekin.