Mundua -
Hondamendi naturala
1.000 lagun baino gehiago hil dira Japoniako hondamendian
Lurrikarak eta tsunamiak "biktimen kopuru izugarri bat" utzi dutela ohartarazi du Japoniako Gobernuak eta erreplika indartsuei aurre egiteko prest egotea eskatu die herritarrei.
Erredakzioa
1.000 lagun baino gehiago hil dira lurrikaran, Kiodo Japoniakoalbiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez. Beste balantze batek, ostera, hildakoak 184 direla adierazi du. Bestalde, 530 lagun zauritudirela erantsi dute Poliziako iturriek.
200-300 bat gorpu aurkitu dituzte Sendaiko hondartzatik gertu. 8,9 graduko lurrikararen epizentrotik gertuen dagoen udalerria da Sendai, Japoniako ipar-ekialdean, Miyagiko Poliziak jakitera eman duenez.
Lurrikarak "biktimen kopuru izugarri bat" utzi duela ohartarazi du Japoniako Gobernuak eta erreplika indartsuei aurre egiteko prest egotea eskatu die herritarrei.
Nazioarteak elkartasuna adierazi dio Japoniari lurrikararen ostean, eta laguntza bidaltzen hasteko tresnak abian jarri dituzte.
Asiako burtsek behera egin dute nabarmen eta Europako merkatuei eragin die horrek. Izan ere, aseguru-etxeek Japoniako kalte-ordain handiei egin beharko diete aurre.
Tsunamia
Ritcher eskalan 8,9 graduko indarra zuen lurrikara batek Japonia ipar-ekialdea jo du eta tsunami handi bat eragin du. Olatuak dagoeneko iritsi dira Sendai hirira eta Japoniako telebistak zabaldu dituen irudietan ikus daiteke eraikinak bota dituela eta uholdea handiak daudela. Gainera, tsunami-alerta Ozeano Bare osora zabaldu dute.
Japoniako Meteorologia Agentziak Miyagi probintzian sei metroko olatuak izan daitezkeela ohartarazi du eta "zauritu asko" izan omen dira bertan.
Bertako telebista batek zabaldu dituen irudietan uholdeak ikus daitezke Japoniako Sendai hirian, eta portuan 10 metrora arteko olatuak ere ikusi ahal izan dituzte.
Miyagi eta Iwate probintzietako herritarrei kostatik alde egin eta inguru garaietara joateko deia egin diete.
Lurrikararen ondorioz suteak ere izan dira eta Chiban petrolio findegi batek su hartu du.
Ia 70 erreplika
Lurrikara handiaren 67 erreplika erregistratu ditu AEBetako Behatoki Geologikoak. Erreplika guztiek bost graduko indarra gainditu dute.
Zenbait erreplikek zazpi graduko indarra izan dute Ridhter eskalan eta gutxienez hamarrek sei graduko indarra gainditu dute. Erreplika indartsuenak lurrikara handiaren ostean izan dira.
Alerta Ozeano Bare osora zabaldu dute
Sendal hiritik 130 kilometrora atzeman dute lurrikararen erdigunea, Honshu irletan. Tsunami alerta Ozeano Barearen erdigunera, Errusiara eta Mariana irletara zabaldu dute.
Olatu erraldoien abisua Australiara, Fijira, Samoara, Zeelanda Berrira, Polinesiara eta Amerikako mendebaldeko kostara ere zabaldu dute.
Hori horrela, Mexiko, Guatemala, El Salvador, Costa Rica, Nikaragua, Panama, Honduras, Txile, Ekuador, Kolonbia eta Peru ere sartu dituzte abisuaren barruan.
Horiez gain, alertan daude Guam, Taiwan, Marshall Uharteak, Indonesia, Papua Guinea Berria, Micronesia eta Hawai.
Larrialdi nuklear egoeraBestalde, Japoniak larrialdi nuklear egoera deitu du zentral batean izan den sute batengatik. Neurri hori isuri erradioaktiboak izan direla baieztatzen denetan soilik hartzen da, baina lehen ministroak eman duen prentsaurrekoan esan du ez dela isuri erradioaktiborik izan.
Lau espainiar desagerturik daude
Japoniako ipar-ekialdean diren lau espainiarrekin harremanetan jartzen saiatzen ari da Atzerri Ministerioa, Ramon Jauregui Presidentetzako ministroak jakitera eman duenez.
Gobernua Espainiako lagunen "datu guztiak" biltzen ari direla azaldu du Jaureguik, baina "orain arte zonan lau espainiarren presentzia soilik" baieztatu dutela adierazi du ministroak.