Mundua -

HOTZ POLARRA

Muturreko hotzaldiak zortzi hildako utzi ditu AEBn

Gorputzeko zatiren bat izoztuta ospitalera joan direnen kopurua handitu egin da, baina tenperaturak zertxobait arinduko dira.

Hotzaldi polarra AEBn. Argazkia: EFE
Chicagoko ibaia eta hiria hoztuta
AEBek izoztuta jarraitzen dute, zero azpitik 40 graduko tenperaturekin

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muturreko hotzaldiak zortzi hildako utzi ditu jada AEBn, eta, gainera, gorputzeko zatiren bat izoztuta ospitalera joan direnen kopurua handitu egin da. Hala ere, tenperaturak zertxobait arinduko direla esan dute adituek.

AEBko hedabideek jakitera eman dutenez, zortzi pertsona hil dira Illinois, Wisconsin, Iowa eta Nebraska estatuetan, muturreko hotzaldia dela eta. Azkena Iowako Unibertsitatean hil da; ikasle bat hil da bertan.

AEBko Meteorologia Zerbitzu Nazionalaren arabera, hotz polarra Michigan, Indiana, Ipar Dakota, Hego Dakota, Illinois, Ohio, Minnesota, Wisconsin eta Nebraskan zehar zabaldu da. "AEBk berriki jasan duen hotzaldirik handiena izan da", gaineratu du.

Termometroak 40 gradu zero azpitik jaitsi dira; hortaz, arretaz ibiltzeko eskatu diete agintariek herritarrei.

Hotzaldiak 75 milioi estatubatuarri eragin zien atzo (asteazkena); hala ere, adituen arabera, AEBko lurraldearen % 85ean nabarituko da denboralea, hau da, 230 milioi pertsonak jasango dute hotzaldia, NBC News telebista kateak jakinarazi duenez.

Chicagon (Illinois), esaterako, baliteke tenperatura zero azpitik 40 graduraino iristea, eta sentsazio termikoa zero azpitik 56 gradukoa izan daiteke Dakota, Wisconsin eta Minnesotako hainbat lekutan.

Bestalde, 2.700 hegaldi bertan behera gelditu ziren asteartetik asteazkenera AEBko aireportuetan; horietako 1.500, esaterako, Chicagoko aireportuetan, FlightAware.com webgunearen datuen arabera. Illinoisko hiriburuak tenperatura minimoen markak hautsi ditu egun hauetan, eta baliteke ostegun goizean zero azpitik 27 graduraino iristea.

Donald Trump tenperatura minimoei eta klima aldaketari buruz aritu zen asteartean: "Non dago berotze globala? Itzul zaitez, behar zaitugu", idatzi zuen AEBko presidenteak Twitter sare sozialean duen kontuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Hotz boladak