Mundua -

Hondamendi naturala

Nukleoaren fusioa hasi da Fukushiman, Japoniako Gobernuaren arabera

-Lehenengo erreaktorean izan da fusio atomiko partziala eta gauza bera gerta liteke hirugarrenean.

-Langile bat hil da, zortzi zauritu eta 200.000 lagun etxeetatik aterarazi dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Fukushima

Yukio Edano Exekutiboko idazkari nagusiak adierazi duenez, baliteke Fukushimako (Tokioko ipar-ekialdea) zentraleko lehenengo erreaktorean fusio partziala gertatu izana, jakinarazi du CNN telebista kateak.

"Erreaktorearen erdian fusio nuklear partziala gertatu dela uste dugu, baina ezin dugu ikusi. Edonola ere, fusio nuklearra gertatu delakoan gaude", esan du.

"Hirugarren erreaktoreari dagokionez, fusio nuklearra ere gerta liteke, bitartean, hori saihesteko neurriak hartu ditugu", gaineratu du Edanok.

3. erreaktoreak ere hozte-sisteman arazoak ditu; lurruna erabiliz eta erreaktorearen ontzia itsasoko urarekin eta azido borikoaren betez erreaktorearen presioa jaistea dute jomuga.

Erreaktorearen nukleoan gerta litekeen akats larrienetarikoa da fusioa; izan ere, nukleoan biltzen da erradiazio gehiena eta fusioak hori askatzea eragin lezake.

Erradiazio maila

Legeak baimentzen duen erradiazio maila gainditu zen larunbatean Fukushiman, Tokyo Electric Power (TEPCO) zentralaren ardura duen enpresak aditzera eman duenez.

TEPCOren arabera, baimendutako muga 500 microsievert (erradiazio ionizatzaileekiko esposizioa neurtzeko unitatea) ordukoa da eta zentralak 882 askatu zituen. Zenbaitetan 1.204 microsievert neurtu zirela ere adierazi du Yukio Edanok.

Hildako bat, zortzi zauritu eta 200.000 ebakuatu

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak (OIEA) jakinarazi duenez, langile bat hil da eta lau zauritu dira garabi batekin izandako istripuan.

Horrez gain, beste lau langile zauritu ziren zentral nuklearrean atzo, larunbatean, izandako leherketan.

Hodei Arrausik jakinarazi duenez, agintariek 200.000 pertsona aterarazi dituzte etxeetatik ostiraletik, erradiazio mailaren igoera dela eta. Atzo, larunbatean, ebakuazio eremua 10 kilometrotatik 20ra zabaldu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea