Mundua -

Lurrikararen ostean

Beste eztanda bat, hirugarrena, Fukushimako zentral nuklearrean

- Japonia: 'Ez dago Txernobyleko hondamendia errepikatzeko aukerarik'.

- OIEAren esanetan, Fukushimako zentralean Txernobyleko ezbeharra errepikatzeko aukerak "oso oso txikiak" dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean jazotako 8,9 graduko lurrikararen ostean, eztanda berri bat izan da Fukushimako zentral nuklearreko bigarren erreaktorean, Japonia ipar-ekialdean. Eztandak nukleoaren edukiontzi primarioaren zati bat lehertu du eta material erradioaktibo kopuru zehaztugabea ihes egitea eragin du, Segurtasun Nuklearrerako Agentziaren arabera.

Kyodo albiste agentziak azaldu duenez, eztandaren ostean erradiazioak gora egin du eta "legeak ezarritako maila" gainditu da. Eztanda 06:10ean (21:10 EAEn) jazo da, Tokiok bigarren erreaktorean arriskurik ez zegoela esan ostean.

Zentral nuklearreko langileek gau osoa eman dute edukiontzira ura botatzen nukleoa hozteko eta fusio nuklearra saihesteko, baina erreaktorea ezegonkor mantendu da. Nukleoa desegiten bada, larrialdi egoera bat eragingo du erradiazioak ihes egingo duelako.

''Ez dago Txernobyleko hondamendia errepikatzeko aukerarik''

Txernobyleko (1986, Ukraina) zentral nuklearrean gertatutako hondamendia errepikatzeko "inolako aukerarik ez" dagoela ziurtatu du gaur Koichiro Genba Japoniako Politika Nazionaleko ministroak.

Segurtasun Nuklearreko Batzordearen eta Industria Ministerioko Segurtasun Nuklearreko Agentziaren txostenetan oinarritu da Genba adierazpenak egiteko.

Genbak azaldu duenez, erreaktoreak babesteko edukiontzirik ez zeukaten Txernobyleko zentralean, bai ordea japoniarretan. Orain arte, edukiontzi horiei esker ez da isuri garrantzitsurik izan, bere esanetan.

Bestalde, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (OIEA) esan du Japoniako Fukushima zentralean Txernobylen tamainako ezbeharra izatea egoteko aukerak "oso oso txikiak" direla.

Ontziei Japoniako kostaldetik aldentzeko agindua eman diete AEBek

Japonia laguntzen ari diren 17 soldaduk positibo eman dute erradioaktibitate frogetan, baina "maila baxuetan", Pentagonoak jakitera eman duenez. Horregatik, Yokosukako basean diren ontziei Japoniako kostaldetik aldentzeko agindua eman diete.

Marinako ofizial batek jakitera eman duenez, soldaduak ondo daude, izan ere, kutsadura maila oso baxua zen eta urarekin eta xaboiarekin kendu dute.

Biktimen balantzea

Gutxienez 1.897 lagun hil eta beste 3.002 desagertu dira lurrikaran eta tsunamian, azken balantzearen arabera.

Hala ere, biktimen kopurua askoz handiago izan daitekeela uste dute, udalerritako agintariek milaka desagertuen eta hildakoen berri eman baitute.

5.000 biktima (hildako eta desagertu) izan direla jakinarazi du Kyodo albiste-agentzia lokalak, baina datu horiek ez ditu Gobernuak baieztatu. Bestalde, orain arte 15.000 lagun erreskatatu dituztela azaldu du Exekutiboak.

Minamisanriku herrian 9.500 lagun desagertu direla jakinarazi dute Miyagiko agintariek, hau da, udalerriko biztanleriaren erdia, baina gertuko herrietan babesa hartu izana ez dute baztertu.

Bien bitartean, 2.000 gorpu inguru topatu dituzte gaur Miyagi prefekturan, herrialdeko ipar-ekialdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea