Mundua -
Arabiako herrialdeen egoera
Libian esku-hartze militarra egitearen aurka dago Ahmadineyad
"Nortzuk eman zizkieten armak Libiako Gobernuari? Nori erosi zizkieten armak, afrikarrei, Japoniako Gobernuari edo nori?", adierazi du Gadafiren jarrera kritikatu duen Iraneko presidenteak.
Erredakzioa
Atzerritarrek Libian esku-hartze militarra egitearen aurka dago Mahmud Ahmadineyad Iraneko presidentea herrialdearen egoerak okerrera egingo lukeelako. Horren hitzetan, "bere herria bonbardatzen duenak zigorra izan behar du".
"Haiek Libiako arazoetan esku hartzen ez badute, libiar herriak bere etorkizuna erabaki dezakeela uste dut. Egoerak okerrera egingo du mendebaldarren esku-hartzearekin", adierazi du Iraneko presidenteak RTVEri eskainitako elkarrizketan.
Atzerritarren esku-hartze militarraren aurka agertu den arren, Muamar al Gadafi Libiako buruaren jarrera "onargarria" ez dela kritikatu du Ahmadineyadek.
Arabiako herrialdeen egoera
Herrialde arabiarren egungo egoera iraganeko ekintzen "ondorio" direla azpimarratu du Ahmadineyadek, eta behin eta berriz honakoa itaundu du: "nortzuk lagundu zieten diktadoreei azken berrogeita hamar urteetan?" eta "nondik zetorren armamentua?".
"Baina, nortzuk eman zizkieten armak Libiako Gobernuari? Nori erosi zizkieten armak, afrikarrei, Japoniako Gobernuari edo nori?", adierazi du Iraneko presidenteak.
Arabiar Liga osatzen duten 22 herrialdeek Libian debekupeko aire-eremua ezartzea proposatu dute eta Iran ez dago horren alde. Iranen jarreraren gainean galdetu diotenean, debeku horrek egoera zaildu baino ez lukeela egingo irtzi dio Ahmadineyadek.
"Mendebaldarrek kolonizatzaileen ikuspuntu kolonialista alde batera utzi behar dute, herriarekin elkarrizketa zuzenak bideratu behar direlako. Bideragarria da. Ez ezazue esku hartu", nabarmendu du. Horren esanetan, "munduko toki guztietan herriaren iritzia errespetatu behar da".