Mundua -

Alarma erradioaktiboa

Historiako istripu nuklear larrienak

Ezbehar larriena 1986an gertatu zen, Txernobyleko zentral nuklearrean (1986), eta azkena 2008an izan zen Pakistanen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fukushimako (Japonia) zentral nuklearrean izandako leherketak, lurrikara baten ondorioz gertatu direnak, mota horretako instalakuntzetan gertatu diren ezbehar larrienen zerrendan kokatu behar dira, izan ere, 20. mendean batez ere, hainbat izan dira istripuak.

- 1952ko abenduaren 12a: Lehenengo istripu nuklear larria Chalk River zentralean gertatu zen, Ottawan (Kanada), nukleoaren zati bat funditu egin zen, baina ez zen inor hil edo zauritu. 1958ko maiatzean, sutea izan zen zentral horretan eta isuri erradioaktiboa gertatu zen.

- 1957ko irailaren 30a: Chelliabinsk-40 (Mayak) zentral sekretuan gertatutako leherketa batek 200 hildako utzi zituen Uraletan (Errusia) eta 90 kilometro koadro estrontzioarekin kutsatuta geratu ziren. Txernobylekoaren atzetik, bigarren istripu nuklear larriena izan dela esaten da. 10.000 pertsona ebakuatu zituzten eta dozenaka mila lagunek arnastu zuten aire erradioaktiboa.

- 1957ko urriaren 7a: Liverpooleko (Britainia Handia) Windscale-Sellafield zentral nuklearraren erreaktore batean sutea piztu zen eta erradioaktibitate isuri batek 300 kilometro koadro kutsatu zituen.

- 1961eko urtarrilaren 3a: AEBetako Armadako hiru teknikati hil ziren Idaho Falls zentralean frogatan zegoen erreaktore batean izandako istripuaren ondorioz. AEBetan gertatu zen lehenengo istripu nuklearra izan zen.

- 1979ko martxoaren 28a: AEBetako istripu nuklear larriena gertatu zen orduan Three Mile Island zentralean, Pensilvanian. Giza eta mekanika akats batzuen ondorioz 30 kilometro koadro inguruko erradioaktibitate laino bat sortu zen eta milaka pertsona ebakuatu behar izan zituzten.

- 1979ko abuztuaren 7a: Mila pertsona inguru kutsatu ziren erradioaktibitatearekin Tennesseen (AEB) zegoen zentral nuklear sekretu batetik gertu.

- 1981eko martxoaren 8a: Tsurugako (Japonia) zentral nuklearrak ur erradioaktiboa isuri zuen, eta ez zuten horren berri eman sei aste geroago arte. 300 pertsona inguru kutsatu zirela esaten da.

- 1986ko apirilaren 26a: Txernobyleko (Ukraina) zentral nuklearreko erreaktore batek eztanda egin zuen eta gaur arte historiako istripu larriena deba gertatu zen. 200 tona material fisionagarri isuri ziren atmosferara, eta erradioaktibitatea 100-500 bonba atomikoren parekoa izan zen. Ukrainako adituen arabera, Txernobyleko ezbeharraren ondorioz 100.000 pertsona hil ziren Ukrainan, Errusian eta Bielorrusian, baina beste erakunde batzuek diote 200.000 ere izan daitezkeela.

- 1987ko irailaren 13a: zesio-137 kapsula batean gertatutako istripuak lau hildako eta 240 zauritu utzi zituen Goianian (Brasil).

- 1999ko irailaren 30a: JCO enpresak Tokaimuran (Japonia) duen erregai nuklear enpresa batean uranio isuria izan zen eta bi langileren heriotzaz gain, 438 pertsona kutsatu ziren erradiazioarekin.

- 1993ko apirilaren 6a: uranio disoluzio bat zuen edukiontzi baten leherketak, Tomsk-7 zentral sekretuan (Siberian), 1.000 kilometro koadro inguru kutsatu zituen.

- 2004ko abuztuaren 9a: bost pertsona hil ziren Mihamako (Japonia) zentral nuklearreko erreaktore baten turbinen gelan gertatutako lurrun isuri baten ondorioz.

- 2008ko apirilaren 8a: Bi pertsona hil ziren Khushabeko (Pakistan) zentral nuklearrean izandako gas-isuri batek kaltetuta. 16 kilometroko eremu batean zeuden herritar guztiak ebakuatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea