Mundua -

ALERTA EGOERA

Venezuelak erabat itxi du Kolonbiako muga

Oposizioak laguntza humanitarioa sartu nahi du gaur mugatik baina Nicolas Maduro presidenteak garbi du AEBren interbentzio militarrerako 'Troiako zaldia' dela operazioa. Hala uste du Errusiak ere

Tentsio handia bizi da azken orduotan Venezuela eta Kolonbia arteko mugan. Argazkia: EFE
Tentsio handia bizi da azken orduotan Venezuela eta Kolonbia arteko mugan.
Venezuela eta Kolonbia arteko itxierak tentsioa eragin du zonaldean

1:21

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako oposizioak gaur egingo du edo hala egin nahi du, behintzat, Kolonbiatik laguntza humanitarioa sartzeko operazioa. Nicolas Maduro presidentea erabat kontra dago, "show meditikoa", "opari ustela" eta "Venezuelaren subiranotasuna kolokan jartzen duen ekintza" delako. Horregatik, tropak bidali ditu zonaldera eta muga guztiak itxi ditu.

Kolonbian, Cucuta hirian 600 tona elikagai, osagarri nutrizional, botika eta higiene produktu daudela kalkulatzen da Venezuela eramateko zain. AEBetatik dator, batez ere, material hori guztia.

Nicolas Madurok argi esan du bera kargutik kentzeko "AEBren interbentzioa militar mozorrotua, Troyako zaldia" dela gaurkoa, eta aliatu duen Errusiak ere iritzi bera du. Ostiralean, Errusiako Gobernuak esan zuen AEB, NATOren laguntzarekin, bere indar bereziak eta talde militarrak Venezuelatik gertu kokatzen ari zela eta AEBetako enpresak eta aliatuak "oposizioari armak eta munizioa emateko prestatzen ari zirela".

Herrialdeak krisi egoera bizi duela onartzen du Madurok baina "nazioarteko finantza jazarpenari" egozten dio. Horri aurre egiteko, Errusiak 300 laguntza tona bidaliko zizkiela iragarri zuen asteartean.

Mugen itxiera

Kolonbiako mugaren aurretik, Venezuelako Gobernuak Brasilgo muga itxi zuen eta Aruba, Bonaire eta Curazao (Herbehereetako lurralde autonomoak). Cucutan (Kolonbia), Romaira (Brasil) eta Curazaon ari da, izan ere, elikagaiak eta botikak biltzen oposizioa.

"Gobernu Bolivarianoak herriari jakinarazi nahi dio, Kolonbiako Gobernuak bakearen kontra eta Venezuelaren subiranotasunaren kontra egin dituen mehatxu larri eta legez kontrakoen aurrean Simon Bolivar, Santander eta Unioneko zubiak erabat ixtea erabaki duela" iragarri du Twitter bidez Delcy Rodríguez presidenteordeak.

Kolonbia eta Venezuela arteko mugak bi kontzertu erraldoi hartu ditu azken orduotan. Kolonbian, oposizioak antolatutakoa ospatu da, eta Venezuelan, Maduroren aldekoek antolatutakoa.

Sebastian Piñeira Txileko presidentea, Ivan Duque Kolonbiakoa, Juan Guaido, eta Mario Abdo Benitez Paraguayko presidentea.

Sebastian Piñeira Txileko presidentea, Ivan Duque Kolonbiakoa, Juan Guaido, eta Mario Abdo Benitez Paraguayko presidentea. Argazkia: EFE

Juan Guaido oposizio burua Kolonbiako kontzertuan agertu da, Venezuelatik ateratzea debekatu dion arren Auzitegi Gorenak, eta militarren laguntza izan duela horretarako iradoki du. Hala, militarrek materiala pasatze uztera dei egin du eta amnistia eskaini die Maduroren kontra jartzen diren militarrei.

Hemendik ordu gutxira, Euskal Herrian 14:00ak direnean, hasi nahi dute operazioa.

Gas negar-eragileak mugan

Reutersek agentziak jakitera eman duenez, Venezuelako Armadak gas negar eragilea erabili du Kolonbiara pasa nahi zuten 200 pertsonaren kontra. Talde hori Guardia Nazionalari bultzaka hasi da, eta une horretan militarrek gasa bota diete dispertsatzeko.

Bestalde, laguntza humanitario daramaten bi kamioi atera dira larunbat honetan Brasildik Venezuelara, Boa Vista hiritik. Bi kamioiek Venezuelako matrikula dute eta gidariak ere venezuelarrak dira, Brasilgo agintariek eskatu bezala. Brasilgo Poliziak Pacaraima mugaraino eskoltatuko dituzte, baina gaur Venezuelan sartzea lortuko ez balute, berriz ere Boa Vistara itzuliko direla jakinarazi dute, segurtasuna bermatuta izan arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Kolonbia Nicolás Maduro Juan Guaidó