Mundua -
Libiaren aurkako neurriak
NATOk ez du Libian esku hartzeko akordiorik lortu
Asteazken goizean bilduko dira berriro, Libian bitartekari lanak egiteko aukerak aztertu eta adosteko.
Erredakzioa
NATOren bileran ez dute adostasunik lortu Muamar Gadafik herritar zibilak bonbardatzen jarrai ez dezan NBEk Libian ezarri duen arma-blokeoaren eta debekupeko aire-eremuaren inguruan.
Aliatuen iturriek jakinarazi dutenez, "oraingoz ez da esku hartzeko erabakirik hartu". Halere, asteazken goizean berriro bilduko dira, NATOren balizko esku hartze baten inguruan "adostasuna" lortzeko.
Frantziak, Alemaniak eta Turkiak "eragozpenak" jarri dituzte Ipar Atlantikoko Itunak Libian esku hartzeko, batez ere “debekupeko aire-eremua dela eta”, eta ondorioz, ez da adostasunik lortu. Iturri diplomatikoek onartu dutenez, Turkia izan da aliatuek Libian esku hartzearen aurrean "eragozpenak jartzen azkena".
Alemaniak ez dio "eragozpen zehatzik" jarri NATOk Libian esku hartzeari, baina indar armatuak erabiliz egiteari uko egin dio, iturri horien arabera.
Barack Obama presidenteak iragarri duenez, berriz, AEBek "egun gutxi barru" utziko dute esku hartze militarrean izaten ari diren paper nagusia, Muamar Gadafiren erregimeneko aireko defentsak ezerezean utzi bezain pronto.
Larunbatean Parisen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak NBEren ebazpena betearazteko deitu zuen bileran sortutako nazioarteko koalizioa osatzen duten herri batzuek, Italiak eta Danimarkak esate baterako, astelehenean azpimarratu egin dute premiazkoa dela NATOk hartzea operazio militarraren gidaritza.